Mahala Lauburuk berdinketa egin du Cerveranoren aurka

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2015ko aza. 23a, 17:09

Partida bikaina, larunbatean Belabietan jokatu zutena Mahala Lauburu eta Cerverano taldeek, biak jubenil mailakoak; Txubelen mutilak berdinketarekin konformatu behar izan zuten.

Lehen minutuetatik bi aldeek izan zituzten golerako aukerak baina korner baten ateeran errioxarrak izan ziren lehenengoak tantoa egiten. Elvis izan zen, jaurtiketa indartsu batekin, gola sartu eta 0-1ekoa egin zuena bigarren minutuan.

Minutu bat beranduago, Arrazek 1-1ekoa egin zuen bakarkako jokaldi baten bidez. Bi taldeak erraz iristen ziren aurkariaren ateetara eta aukerak ugariak ziren, baina 15. minutuan Cerveranok 1-2koa egin eta berriro aurreratzea lortu zuten baloi bat ostuta egindako kontraeraso baten ostean.

Orduan Mahala Lauburu aukera gehiago sortzen hasi zen. Hemeretzigarren minutuan Unai Infantek berdinketara eraman zuen taldea, bigarren zutoinera egindako jokaldi batean, emaitza honekin atsedenaldia iritsi zelarik.

Bigarren zatian, dinamika berberarekin jarraitu zuten eta aukerak bientzat sortzen ziren. 25. minutuan, Andonik bigarren zutoinean baloia hartu eta ibartarrak errioxarren aurretik ezarri zituen markagailuan 3-2koarekin.

Hogeita hamaikagarrenean berriz, bien arteko aldea handitzeko aukera ederra izan zuten piparreroak baina okertutako jokaldi baten ondoren, Cerveranok, kontraerasoan, 3-3koa egitea lortu zuen, Cristofer Joelen laguntzarekin.

Bi minutu beranduago Andonik bere taldea berriro aurretik jarri zuen baina bukaerarako 4 minutu besterik falta ez zirela, Cerveranoren tantoa iritsi zen eta markagailua launako berdinketarekin amaitu zen norgehiagoka. Emaitza oso juxtua baina areto futboleko ikuskizun paregabea eskeini zuten bi taldeak, aurreko denboraldian bezala.

Filialak berriz, ostiralean 5-2 galdu zuten Iurre Tabernaren aurka, non ezin izan zuten Tolosako Uzturpe frontoiara ongi egokitu eta etxekoen eraginkortasuna falta izan zitzaien.

Lauburu K.E. kadeteak Aloñamendiri 4-9 irabazita, partidu bikaina eskeini zuten Oñatin. Atsedenaldira 2-3koa eginda iritsi ziren nahiz eta ibartarrak jokoa menderatu zuten zati guztian. Bigarren zatian berdintsu ibili ziren, aukera mordoa sortu zituzten eta baita aprobetxatu ere oraingoan, 4-9ko emaitzarekin amaitzeko. Golegileak Alex (2), Liher (2), Julen, Alvaro, Aimar, Issam eta Gurru izan ziren.

Berastegi Lauburuko neskak Zaldibiako Resti frontoiean garaipena lortu zuten. Eta Uzturpe Lauburu infantilak berriz, Arantzazuko Amaren aurka 0-3 galdu zuten Belabietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!