Etxekoen nagusitasuna nabarmena zen hasieratik baina sakontzera ez ziren iritsten hala ere, eta horrek San Juan taldeak defentsan larritasun handiegirik ez izatea eragiten zuen. Nafarrak berriz, atzetik baloiak lapurtzen zituzten eta trantsizio azkarren bidez iristen ziren aurrera, piparreroen defentsari ezinegona sorraraziz.
Partidua hasi eta 5 minutura, bisitariek bandatik ateratako sake batekin eta zutoinean kolpatutako erremate baten ostean, Mikel Marinek aldaratzeaz baliatuz tantoa egitea lortu zuen, markagailuan 0-1ekoa ezarriz.
San Juanen lehenengo tantoak ez zituen ibartarrak uzkurtu eta jokua menperatzen jarraitzen zuten. Golerako aukera ugari izan bazituzten ere, ez zen berdinketa iritsi eta atsedenaldira 0-1ekoarekin iritsi ziren.
Bigarren zatian bestelako kontuak ikusi ziren, Lauburu segurtasun handiarekin eta bizi-bizi atera zen kantxara, nafarrak irensteko gogotsu. Bostgarren minutuan Unaik egindako pase baten ondoren, Garmenek 1-1ekoa egin zuen.
Berdinketarekin etxekoen nagusitasuna nabarmenago egin zen eta zortzigarren minutuan Uzkudunek kantxa erdian jasotako baloi batekin aurkarietako bat saihestuz, atezaina buruz buruko jokaldi bikain batekin garaitu zuen.
Hurrengo minutuetan San Juan aurreratuz partidua irekiz joan zen ika-mika handi batera iritsi arte. Aukerak bi taldeek izan zituzten baina oraingoan, Lauburu zen, itxaron eta kontraerasora ateratzen zena. Bost minutu faltan, ibartarrak baloi bat ostu eta Uzkudunek kontraerasoan Arrosi lagundu zion, honek 3-1ekoa egin zezan.
Handik aurrera Jose Ibarrak atezain-jokalaria atera zuen baina piparreroen defentsa gogorrak zaildu egiten zizkien jokaldiak nafarrei eta Unai eta Cristianek amaitutako bi kontraerasoekin 4-1 eta segidan 5-1ekoa egitea jasan behar izan zuten. Guillek nafarrentzako bigarren tantoa egin zuen bukaerarako 13 segundu eskas falta zirelarik eta markagailuan 5-2koa ezarriz.