Lauburu San Juanen aurka ariko da Belabietan

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2015ko aza. 19a, 10:36

Larunbatean ibartarrak laugarren postuan aurkitzen den taldea hartuko dute Belabietan, A.D. San Juan. Arratsaldeko 18:30ean.

Partidu zaila izango da, garaipenen boladaren ondoren Zierbenan porrota jasan behar izan zuten piparreroak, eta bederatzigarren postuan aurkitzen dira momentu honetan 13 punturekin.

Ander Esnaola “Txipik” Zierberanen aurka jolastutako partidua izan zuen hizpide eta taldearen egoerari buruzko analisia ere egin zuen: “Zierbena oso talde txukuna da, jokalari onak ditu eta duten konpetibitate puntu horrekin partiduan behar bezala egon ziren, azkenean hiru puntuak eraman zituztelarik”.

“Taldea lanean ari da, dinamika onean sartu gara eta puntuak iristen ari dira. Oso talde indartsuenen aurka jolastu dugu eta izandako aukerei erantzun diegu. Hala ere, egia da jarraipen bat falta zaigula. Lan-arazoak, lesioak, etab., ez digute asko laguntzen baina kontziente gara hor egongo direla gero ere, hortaz, egunerokotasunean lan gehiago eskatzen digu horrek. Aipamen berezia egin nahi diot mutilak egiten ari diren lan eta esfortzuari, nahiz eta oso gazteak izan oso ondo erantzuten dute-eta”.

San Juan taldea, hurrengo aurkaria, II. multzoko beste talde indartsuetako bat da. Jose Ibarrak gidatutako mutilek denboraldia hasiera ona izan dute, 5 garaipen eta bina porrot eta berdinketekin. 17 punturekin laugarren postuan aurkitzen dira gaur egun. “Talde gaztea baina esperientziaduna da, lehenengo postuetan borrokatzen du beti. Oso ongi ezagutzen dugu elkar eta aurretik ere jolastu dugu aurredenboraldian, partidua oso lehiakorra izango den susmoa dut, oso garrantzitsua izango da indartsu ateratzea, baloiari ongi eutsiz eta defentsan akatsik egin gabe. Horiek izango dira gure gakoak, gainera etxean jolastea ere desberdina da, indartsuagoak ateratzen gara, afizioaz babestuta, kantxa gure aldeko jartzen delarik”, zioen “Txipik”.

Elkar oso ongi ezagutzen duten bi taldeen arteko lehia gogorra izango da. Afizioaren babesa ezinbestekoa da San Juan de Pamplona bezalako talde bat menperatzeko.

Lauburuk jakinarazten du, partidua hasi aurretik, zendu berri den Juanma Pradosi omenaldi bat egingo zaiola; Pilili Peña historikoaren sortzaileetako bat zen Juanma Prados eta taldearen garai onenetan laguntzaile izandakoa. Ondoren Belabietan minutu bateko isilunea egingo da bere heriotza dela eta.

Gogorarazten dugu, Danon Txokoan ipinita dagoen saskiaren boletoak sarrerako lehiatilan egongo direla. Atsedenaldian, betiko moduan, gure laguntzaileak diren Mahala eta Danon Txokoak eskeinitako produktuen zozketa izango da eta baita bazkideen artean bi pertsonentzako afari baten bostgarren zozketa ere burutuko da, partiduan egon edo ez. Taldearen laguntzailea den Izaskun tabernan egiteko afariaren laugarren zozketaren irabazlea: Jose Maria Agirrezabala Aizpurua izan zen. Zorionak!!! 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!