Bizkaitarrek menderatu zuten partiduaren hasiera, ibartarrak zain geratzen ziren baloiak ostu eta kontraeraso azkarrak sortzeko, baina laster okertzen zen. Minutu t’erdirako Cristianek kornerretik estrategia-jokaldi on batekin sareetara jaurti zuen lehenengo 1-0ekoa eginaz.
Etxekoen lehenengo tanto hau azkarregi iritsi zen Juananen mutilentzat, II. multzoko talderik indartsuenetakoa den Zierbenaren erasoei eusten jarraitzen baitzuten oraindik. Hala ere, eta etxekoen nagusitasunaz gain partidua nahikoa parekatua zegoen, ez zuten estutasun handirik pasatzen defentsan, ez batak eta ezta besteak ere. Baina, lehenengo zatia amaitzeko 3 minutu falta zirela, defentsak egindako bi hutsegite 2-0 eta 3-0 bilakatu ziren, eta Lauburu atsedenaldira desberdintasun handiarekin joan behar izan zuen, norgehiagoka gehiago zailduz.
Bigarren zatian bisitariak biziago atera ziren, Zierbenaren jokaldietan presionatuz. Era horretan galipoak baloia kontrolpean izateko arazoak izaten hasi ziren, eta 10. minutuan Unaik, kornerretik defentsa bati jo ondoren sareetara sartu zuen 3-1ekoa eginaz.
Tanto horretatik aurrera Laubururen minuturik onenak ikusi ziren, aurkaria estutuz eta aprobetxatu gabe utzitako aukera garbi ugari izan zituztelarik. Denbora aurrera eta bigarren tantorik gabe jarraitzen zuten ibartarrak. Bukaerarako 5 minutu falta zirela, etxekoen atezainak Cristiani bidali zion baloia eta honek, 4-1ekoa ezarri zuen markagailuan.
Orduan Lauburuk atezain-jokalaria atera zuen baina Zierbenaren defentsa onak markagailua mugitzea eragotzi zuen. Azkenean 4-1ekoarekin amaitu zen partidua.