Bederatzigarren jardunaldi honetan, Lauburuk berriro kanpoan jolastuko du II. multzoko talderik indartsuenetako baten aurka, Zierbena C.D.F. Topaketa Zierbenan bertan izango da, larunbatean arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
Partidu honetan Lauburukoek lehenengo entrenatzailerik gabe lehiatu beharko dute. Mikel Diestro, azaroaren 24tik 29ra bitartean Guatemalan jokatuko den munduko txapelketan, Espainiako nesken selekzioa gidatzeko deitua izan da eta piparreroen hurrengo lau partiduak galduko ditu. Bere postua Juanan Rodriguezek beteko du. Hiru denboraldiz Lauburuko kirol zuzendaritza eta elkartearen kudeaketaz arduratu ostean eseriko da berriro aulkian.
Ibartar entrenatzaileak honela zioen: “Ilusioz beterik aurkitzen naiz esperientzia honekin. Alde batetik, aurreko taldea utzi nuenean betirako izan zitekeela kontziente nintzelako, eta Euskadiko selekzioa bezalako esperientzia bakanak kenduta, orain egoerak berriro aukera eman dit konpetizioa zuzenean bizitzeko, nahiz eta Mikelen faltak ezohiko egoera isladatuko duen. Orain 20 urte nuen ilusio bera dut gaur, entrenatzea maite baitut; hala eta guztiz ere, kirol honen gabezietako bat kudeaketan dago eta Ibarrara itzuli nintzenean benetako beharra zegoelako izan zen. Hori horrela izanda ez nuen zalantzarik izan, ekarpena egin behar zen tokian egin nuen, nahiz eta entrenatzen gustora jarraituko nukeen.
Beste alde batetik, entrenatzaile lanetan hasi nintzen eta nere kirol-bizitzako urterik zoriontsuenak bizi izan nituen toki berberean berriro aulkian eseritzeak ilusio berezi bat sortzen dit eta datorren larunbatean, Belabietan, intentsitate handiagoarekin sumatuko dudala iruditzen zait. Lastima izango da, Mikel ordezkatu behar dudan lau partiduetatik bakarra izatea etxean jokatuko dena. Partida hori berezia izango da, gainera talde handi baten aurka izango da, denboraldi ederra egiten ari den eta bertan lagunarteko ona daukadan taldea, San Juan de Pamplona, hain zuzen ere”.
Ibartarrak bederatzigarren jardunaldiari egin behar diote aurre, Labastidan eskuratutako berdinketarekin lau partida jarraian (hiru garaipen eta berdinketa bakarra) garaitu gabeak izatea lortu ondoren. 13 puntuekin zazpigarren postuan aurkitzen dira sailkapenean, buruko postuetan sei puntuetako aldea duten zortzi taldeen arteko lehian murgilduta daudelarik.
Piparreroen gaurko egoera izan du hizpide Juananek: “Taldea ongi dator; bai azken lau jardunaldiek emandako emaitzari begira eta baita jokuari begira ere, lantaldearen bilakaera bide zuzenetik doa, gehienbat Mikel bera lan izugarria egiten ari delako. Berarekin oso pozik gaude eta bere eskutik hazitzen jarraitzeko helburua daukagu.
Jarraian datorkigun partida honek oso lermatuta harrapatuko gaitu, izan ere konpromezu pertsonalengatik hiru baja izango baititugu, Garmen, Arros eta Loitzun. Zierbena bezalako aurkariarekin etxetik kanpoko partida batean, goi mailako hiru jokalari hauei uko egitea ez da erraza; gainera ez da hor bukatzen, Endika, Unai, Ioritz eta Txipi kotoi artean aterako dira eta partidura iritsi baino lehen ez badira okertzen, gaitzerdi. David eta Iraitzen eboluzioa berriz, ez doa nahiko genukeen bezain ongi, beraz, taldea une onean aurkitzen bada ere panorama eskasa dauka. Hala ere partidua jokatuko duten jokalarien gain konfidantza dugu, alderdi honetan ere, asko hobetu baitugu.
Andoni, Agus edo Xabi bezalako jokalariek, kategoria ezezaguna zutelarik eta lehenengo biak, gainera, bigarren urteko jubenilak izanda, kantxara ateratzen direnean bat gehiago dira, partiduetan bakoitzak bere ekarpena eginez, taldekideekin bat etortzen dira. Hau horrela izatearen ardura entrenatzaileak du, kirol zuzendaritzatik hartutako erabakiekin batera, eta baita beheko kategorietako teknikoen lan onagatik ere. Elkarteak kanteran jartzen du begia, gure jokalariei kirol ikuspegitik edota pertsonalki garatzeko ibilbide egokiagoak proposatuz. Hainbat uneetan eta hainbat esparruetatik aintzat hartu ez den lana da baina aldi berean oso eskertua”.
Hurrengo aurkaria Zierbena taldea izango da. Iñigo Martinezek gidatutako bizkaitar taldea, kanpaina honetan kontuan hartu beharrekoa da. Oso zaila da talde hau menderatea, Bigarren B maila honetan esperientzia handiko lantaldea du eta denboraldi asko daramatza lehenengotariko taldea izaten. Denboraldi honetarako dezente sendotu da gainera, eta ligako lehian hautagai gogorra izango da. 17 puntuekin hirugarren postua du sailkapenean, bigarren postuan dagoen San Juanekin berdinduta dagoelarik. Lehenengo postuan Ebrosala A.D. 19 puntuekin.
Zierbernara espedizioa, Belabietatik aterako da, larunbatean arratsaldeko 14:15ean. Bulegoetan izena eman behar da aurretik baina beti bezala, bazkide guztiak taldeari laguntzeko gonbidatuta daude.