Jubenilen 2. jardunaldia abenduan izango da

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2015ko urr. 29a, 22:54

Lauburu K.E. Ibarra Jubenilen Ohorezko Dibisioak eta Rivera de Navarra taldeak bigarren jardunaldia abenduaren 4an jolastea adostu dute. Erabakiaren arrazoia igandean Belabietan jolasteko nafarrek adierazi duten ezintasuna izan da. Larunbatean berriz Belabietako jokalekua hartuta aurkitzen da lehenengo taldeak eta filialak bertan jokatuko dituzten partiduak direla eta.

Txubelen mutilak, lehenengo jardunaldian Castro Urdialesekin topo egin ondoren, prestaketan ari dira, uda honetan egin dituzten aldaketa guztiengatik. Andoni, Peña, Pagola eta Tobi dira iaztik Txubelen esanetara geratzen diren bakarrak, beraz, etorri berriak direnekin lan handia dago egiteke, pasa den denboraldian egindako kanpaina bikainak muga oso goian utzi baizuen.

Juanma Ordozgotik zuzendutako talde filiala, lehenengo mailan buru doa denboraldiko lehenengo lau partiduak irabazi ondoren. 19 tanto egin dituzte eta jaso berriz, 4 soilik. Larunbat honetan Hirukide Tolosala hartuko du Belabietan, 10 punturekin, sailkapenean bigarren doana. Norgehiagoka arratsaldeko 16:00etatik aurrera izango da.

Kadeteak larunbatean goizeko 11:00etan Erain hartuko dute Belabietan. Mikel Raposoren mutilak sailkapenean 5. doazte, bi jardunaldietan partida bat irabazi eta bestea galdu ondoren.

Lauburu K.E. Ibarra Berastegi, neskak, sailkapenean laugarren postuan daude, bi jardunaldietan garaipen eta porrot bana izan ondoren. Aste honetan Anoeta F.T. taldea hartuko du, 20:45etik aurrera. 4 punturekin hirugarren postuan dago talde hau, garaipen bat eta berdinketa batekin.

Infantilak, bigarren jardunaldia larunbatean izango dute eta Intxaurrondoko Mons kiroldegira mugituko dira The English School taldearen aurka jolasteko, 13:30etik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!