Txapeldunaren jokalekuan aurrez aurre

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2015ko urr. 22a, 09:47

Lauburu K.E. Ibarra Zaragozara doa larunbatean, egungo ligako txapelduna den jokalekuan jolastera, Colo Colo Confort. Aurrez-aurrekoa La Granja kiroldegian izango da 16:20tik aurrera.

Aragoiar taldeak erasorako potentzial handia du eta baloia maneiatzen dakite. Alfonso Rodíguezek gidatutako mutilak ligako gaur egungo txapeldunak dira.

Aitzol oyarbide, Lauburuko kapitanetako batek, aurkariari buruzko analisi zehatza egiten du:  “Talde sendo eta langilea. Kalitate handiko gizonak ditu eta arrisku handia sortzen duena ezer gutxirekin. Emaitza ikusgarriak lortzen ari da sailkapenean erdialdean dauden taldeen aurka eta adi egon beharko gara. Aldiz ,liga irabazteko dauden taldeen artean jokatutako partidetan ez du irabaztea lortu. Pasa den denboraldian ere antzeko zerbait gertatu zitzaion, talde punteroekin huts egin zuen baino gainontzeko norgehiagoketan lortutako puntuek balio izan zioten txapeldun izateko. Aurtengoan ere ez dira urruti ibiliko iazkoa errepikatzeko. Beraz, larunbatekoa ez dugu partida erreza izango. Hasieran erritmo gogorra jartzen dute eta iaz Belabietan 0 eta 3-koarekin ginen konturatzeko. Hala ere taldeak buelta ematen jakin izan zion eta garaipen gogoangarria lortu genuen egun horretan. Gakoa, haserako erritmo gogor hori eutsi eta  izaten diren aukerak aprobetxatzea izango da.  Lehen postuetan ibiliko diren taldeen aurkako lehen partida izango da eta taldeak atsegin ditu horrelako partidak. Nahiz eta jakin lan asko egin beharko dugula, horrelako maila dutenen taldeen aurkako lehiak  erakutsiko digu benetan taldearen maila.”

Bere taldearen denboraldi hasierataz galdetzean, piparreroen 4ak honela zioen: “Sentsazio gazi-gozoak esango nuke modu labur batean esateko. Aldaketa asko izan dira denboraldi honetarako eta taldea aldaketa horiek barneratzen ari da. Entrenatzaile berria, jokatzeko modu berria, jende gaztea, … aldaketa asko izan dira eta hori lehen 5 partidetan antzeman da. Jende gaztea ere minutuak izaten ari da eta klubarentzat benetan garrantzitsua da etorkizuna bermatzeko. Gainerakoan jokatutako partiduak nola joan diren ikusita, bidean puntu sorta bat utzi dugulakoan nago eta taldea horretaz ere jabetu da. Etxeko partidetan fin ibili gara, badakigu etxean puntuei ezin diegula ihes egiten utzi. Derbia galtzeak min handia eman zigun, baina geroztik etxean sendo gabiltza. Kanpoko partidetan berriz, taldeak beste pauso bat eman beharra du. Bai Santurtzin, bai Irurtzunen puntuatu beharreko partidak izan ziren, eta esku hutsik itzuli ginen. Iazko urtean ere arazoak izan genituen puntuak pilatzeko eta ikusita partidaren joan etorriak amorrua ematen du horrela etxerako bidea hartzea. Badakigu liga honetan, eta batez ere kanpoan,puntuak lortzea garesti dagoela eta gure onena eman beharra dugula 40 minutuz  zerbait positiboa lortu nahi badugu. Hala ere taldea gogotsu ikusten dut, ikasteko gogoz eta ilusioz eta denboraldi haserako arantzatxoa atera nahian. Entrenatzaileak argi du astean zehar ez baduzu maila ematen, asteburuan jai duzula eta entrenamenduetako intentsitatean hori antzematen da. Inork ez du harmailetan geratu nahi jokatu gabe eta taldearen maila igotzen ari da asteak pasatu ahala. Bide hau jarraituz berandu baino lehen emaitzak iritsiko direlakoan nago”.

Ibarrako espedizioa, goizeko 10:30ean aterako da Belabieta kiroldegitik Zaragozara bidean. Elkarteak, taldearekin batera bidaiatzea gonbidatzen ditu bazkide guztiak, beti bezala, bulegoetan izena eman ondoren. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!