Jubenilen konpetizioa abian da

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2015eko urriaren 22a

Ligako txapelketa amaitu zela hilabete batzuk igaro ondoren, Lauburu K.E. Ibarra – Mahala, nazional mailako jubenilen taldeak, 2015-2016 denboraldia hasi du, talde barruan hainbat aldaketa egin dituztelarik.

 

Egutegi gogorra egokitu zaien denboraldi hasiera honetan, gainera, ligako txapela eskuetan izateak aurkariak partiduetara garaipena dastatzeko irrikaz ateratzea eragingo du. Larunbatean Castro-Urdialesera doaz 16:00etatik aurrera lehenengo jardunaldia jolastera.

Denboraldi honetan etorri berriak dira: Urtzi, Azkoitiko Plaza Berritik datorrena, Shein Zarauztik, Agus Laskoraindik, Gago, Arranz eta Conde Hirukidetik, eta Odri eta Infante berriz, futbol 11tik. Kadete mailatik ere, hiru jokalari gehitu zaizkie entrenamenduak egiteko.

Aurreko kanpainari buruz, Peña, Pagola, Andoni eta Tobi dira Txubelen aginduetara, bertan jarraitzen dutenak. Titulua lortzen lagundu zuten gainerako jokalariak Jubeniletatik Probintziko 1go mailako senior talde batetara pasatuko dira.

Senior talde berriak, Juanma Ordozgoitik gidatutako lehen taldearen filiala, denboraldi hasiera oparoa izan du. Sailkapenean lehenengo postuan da, 3tik 3 garaipen eginda. Aurreko larunbatean Andoainen Euskalduna S.D. garaitu zuten 1-8 emaitza eginez. Golak Jokin (3), Ekain (2), Borja, Igor eta Arranzek bana egin zutelarik. Emaitza honekin, piparreroek aldeko 15 gol eta kontrako gol bakarreko balantzea dute. Ostiral honetan, Belabieta kiroldegian Ventanas Isu taldearen aurka jolastuko dute, 20:30etik aurrera.

Pasa den larunbatean kadeten taldeak ere hasi zuen bere denboraldia, Mikel Raposoren aginduetara. Etorkizun oparoa izan dezaketen ibartar hauek denboraldiko lehen topaketa jolastu zuten Anoetaren aurka, Gurruk sartutako bi golen ondorioz, 2-1eko emaitza estu bat lortu zutelarik. Datorren larunbatean bigarren jardunaldiko partidua jokatuko dute Goierri K.E. taldearen aurka Urretxun, goizeko 10:30etik aurrera.

Nesken taldetik ere, albiste onak, aurtengo denboraldian hasi baita martxan, Lauburu eta Berastegiko senior taldearen artean sinatutako hitzarmenari esker. Izugarrizko garaipena lortu zuten pasa den ostiralean Belabietan, golak Lierni (4), Mireia (2), Ane (1), Naroa (1) eta Alaznek (1) sartu zituztelarik. Hurrengo topaketa, Intxaurrondoko Mons kiroldegian izango da 16:00etatik aurrera, Inter-Altzako taldearen aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!