Etxekoen nagusitasuna hasieratik nabarmendu zen. Bigarren minutuan 1-0 etorri zen Unairen eskutik, baloia eskubiko bandan jaso eta gurutzatutako jaurtiketa baten bidez sareetara bota zuenean. Golaren ondoren piparreroen nagusitasunak agintzen jarraitzen zuen baina aurkariak hainbat jokaldi arriskutsu egin zituzten, trantsizio azkar batzuk medio etxekoei baloiak galduaraziz, eta 9. minutuan 1-1 berdintasuna iritsi zelarik.
Ibartarrak ez zuten berdintasuna merezi eta gogor saiatu ziren aurkariaren sareetara iristen. Eta baita lortu ere, atsedenaldirako 5 minutu falta zirela, Cristianek bigarren gola sartu zuen aurrez landutako jokaldi batekin. 2-1 egin eta atsedenaldia iritsi zen.
Atsedenaldiaren ondoren Lauburu indarberrituta atera zen, puntuak lortzea ezinbestekoa zen Diestroren mutilentzat eta azken postuan dagoen aurkariaren bisitaz baliatu nahi izan zuten denboraldi hasierako porrotei itzuli bat emateko.
Azken zatiko 6. minutuan iritsi zen 3-1, Unai bitarteko zelarik. Hirugarren gol honek bisitarien aurreratzea ekarri zuen baina bertakoen defentsa onak eta atezaintzan Endikaren lan ezin hobeak, errioxarren aukerak ezerezean uzten zituzten.
Partiduaren 34. minutuan, Garmen eta Aitzolen bandako jokaldi bat medio Cristianek area barruan jaso zuen baloia eta ez zuen barkatu, aurkarien ateetan sartu zuen markagailuan 4-1 ipiniz.
Handik aurrera, eta sei minutu falta zirela, bisitariak atezain-jokalaria atera zuten baina saria berriro piparreroentzat izan zen, izan ere Unai, David eta Aitzolek markagailua beste hirutan ere igo zuten azken emaitza 7-1ean finkatuaz.