Lehen garaipena

Erabiltzailearen aurpegia Lauburu K.E. Ibarra 2015ko urr. 4a, 13:44

Larunbatean Mikel Diestroren mutilak erraz lortu zuten garaipena Belabietan. Atsedenaldia 1-0rekin etorri bazen ere, bigarren zatian Sala Cadreteri ez zioten tarterik utzi eta 7-1 amaitu zen partida.

Partiduan, hasiera-hasieratik, piparreroen nagusitasuna begi bistakoa zen, parean, mailaz igo berria den eta ibartarren erasoei eutsi ezinik egon zen Sala Cadrete 2010. Etxekoentzat aukerak handitzen hasi ziren baina azken metroetako akatsek, 12. minutura arte markagailua geldirik eduki zuten.

Orduan iritsi zen 1-0, kantxa erditik baloia berreskuratu, Arrosek Ioritzeri bandara bidali eta gurutzatutako jaurtiketa baten bidez lortutako gola.

Hurrengo minutuetan partida modu beretsuan joan zen, Ibarrakoentzat aukera garbiekin eta defentsan ere erraz moldatzen zirelarik. Hala ere ezin izan zuten markagailua aldatu eta atsedenaldira 1-0rekin joan behar izan zuten.

Bigarren zatian gauzak aldatu ziren, lehenengo zatian azken metroetan ez bazuten asmatzen, bigarrenean alderantziz izan zen. Lehen minutura iritsi aurretik, Uzkudunek, jokaldi eder batekin, bigarren tantoa egin zuen eta handik gutxira, Andonik hirugarrena sartu zuen, Iraitzek kontraerasoan Garmen-i jaurtitako sake baten asistentziarekin.

Partiduan Mikel Diestroren mutilak nagusitu ziren, eta erraz iristen ziren aurkariaren atera. Horrela, bigarren zatiaren lehenengo minutuetan, Arros eta Uzkudunek laugarren eta bostgarren golak sartu zituzten, Belabietako grada jendetsua lasaituaz.

Bukaerarako 2 minutu falta zirela, Xabik seigarren gola sartu zuen trantsizio on bat medio eta segundu gutxi barru Uzkudunek 7-0 ezarri zuen markagailuan. Ibartarrak partiduaren azken segunduetan jasan zuten aurkarien gol bakarra, 7-1 eginez.

Partidu ederra eta garaipen ona Laubururentzat, lehenengo 3 puntuak lortzeak taldeari konfidantza ematen baitio laugarren jardunaldia, Santurtziren aurka indarrez jokatzeko.

http://www.lauburuke.com/

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!