Ibartarrak aurreko larunbatean, Derbiko lehenengo jardunaldian Debabarrenaren aurka izandako porrotaren ordaina emateko asmotan doazte Nafarroara. Taldeak zerbait gehiago merezi zuen baina Elgoibarko defentsa gailendu zitzaion Ibarrako taldearen erasoari.
Partiduaren ondoren, Joseba Balerdi, piparreroen atezainak, denboraldi hasiera honen alde onak zein txarrak aipatu zituen: “Alde ona, Agus eta Ioritzen kategoriako debuta lehenengo lantaldean, Xabi eta Andonirekin batera partaidetza handia izan baitzuten. Azpimarratzekoa da, denbora guztian markagailuaren atzetik joanda ere, kokildu gabe aurkariari erasotuz jokatu genuela aldi oro. Alde txarra bezala berriz, kontrako arean arrisku egoerak sortzeko zailtasuna eta bizpahirutan izandako aukerak lortu ez izana aipatuko nituzke. Partiduak zein egoeratan gauden, nola jokatzen dugun ikusteko eta astean zehar gabeziak lantzeko balio izan du”.
Lauburuko kapitainak talde ibartarraren ilusioz betetako kanpaina berri honi buruz ere irakurketa zabala egin zuen: “2015-2016 denboraldia Lauburu K.E. Ibarrarentzat berezia da hainbat esparrutan. Alde batetik Elkartearen 25. urteurrena, bestetik jokalari garrantzitsuen eta eskualdeko jokalari gazteen etorrera, freskotasuna eta hazteko gogoa helarazten dutelako; bertako kantera ahalbidetuz kategori desberdinetan lanean ari den gorputz tekniko preparatua,… eta niretzat garrantzitsuena, noizbait Lauburu K.E. Ibarran jolasteko ilusioa galdu zuten jokalariak taldera eta famili artera itzuli izana.
Kirol esparruari dagokionez, aurredenboraldiko hainbat gertakarien ondoren (oporrak, lana, lesioak…), taldea zentzu guztietan hazitzen ari dela somatzen da. Taldeak bere osotasunean entrenatu ez izanak, bertako kohesioa mantsotu du. Hobetzeko tarte handia dugula uste dut eta datozen jardunaldietan pistan atzemango da”.
Hurrengo aurkaria Gurpea Xota izango da, Magna Navarra taldearen filiala eta Alfredo Hualdek zuzentzen duena. Denboraldi honetarako irurtzundarrak bere lantaldea gaztetu dute, Tristán Gail (20 urte) eta Patxi Iribarren (17 urte) fitxatu dituzte, biak C.D. Ibarartetik datoztenak, Anaitasunatik berriz, Carlos Gómez (18 urte) eta jubeniletik igo diren Oihan, Dani, Edu, David eta Alex. Álvaro Quevedo madrildarra ere filialean egongo da, baina lehenengo taldearekin uztartuz. Bajak berriz, Igor, Saúl, Iván, Julen Eseverri eta Amezqueta dira.
2012-2013ko kanpainan igo zirenetik, Bigarren B Mailako bi eskuadrentzat hirugarren denboraldia izango da hau, aurreko bietan aurkari zuzenak izan dira buruko postuen atzetik. Ziur gaude aurreko kanpainetan eskeini ziguten borroka berbera erakutsiko digutela honetan ere.
Iruntzunera bidean, larunbatean Belabietako kiroldegitik aterako gara arratsaldeko 14:45ean. Taldeak bazkide guztiak gonbidatzen ditu taldearekin batera bidaiatzera (bulegoetan aurretik izena eman ondoren), Areto Futboleko arratsalde ezin hobea igarotzeko.