Lauburu 2014

Zorigaiztoko minutua

Erabiltzailearen aurpegia

3-2 galdu zuten ibartarrek Segorberen aurka, minutu baten faltan aurretik joan arren. Amaiera polemikoa izan zen, epaileek ez baitzuten partida geratu Lauburuko atezaina odoletan zegoelako.

Porrotak mingarriak dira. Beti. Baina galtzeko moduak eta moduak daude, eta asteburu honetan gertatutakoak min asko egin dio Laubururi. Izan ere, neurketa amaitzeko minutu bakarraren faltan, 1-2 aurretik zen talde ibartarra, baina Kastelloko taldeak markagailua irauli eta 3-2 irabazi zuen. 

Partidako lehen minutuak ibartarren aldekoak izan ziren. Arevaloren mutilak presio asko egin zuten, eta kontraerasoan aukerak sortu zituzten. Zorterik, ordea ez zen izan, eta 13. minutuan defentsan galdutako baloi bat aprobetxatu zuten etxekoek arratsaldeko lehen gola egiteko. Emaitza horrekin iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian indartsu irten zen Lauburu. Aukera mordoa izan zituen lehen minutuetan, eta laugarrenean Unaik lortu zuen berdinketa, area ertzetik jaurtitako falta baten ondoren. Atzean sartuta zuten Segorbe ibartarrek, eta beste hainbat aukeren ondoren, 29. minutuan Cristianek markagailuan aurretik jarri zituen. Baloia lapurtu eta atezainaren hanka azpitik sareratu zuen baloia. Lauburuk, ordea, izan zituen aukera mordoetan ez zuen norgehiagoka erabakita uztea lortu. Eta gero gerokoak.

Azken hiru minutuetan etxeko taldeak bost jokalariak kantxan jokatzen jarri zituen, eta azken minutuan iritsi zen kolpe gogorra. Ez polemikarik gabe. Izan ere, Joseba atezainak baloikada bat jaso zuen aurpegian, eta odol jario handia izan zuen sudurretik. Epaileek ez zuten jokaldia gelditu, nahiz eta araudiak horrela dioen. Ibartarren aulkiak ere geratzea eskatu zuen, baina ez zuten erantzunik jaso. Halako batean etxekoek berdintzea lortu zuten.

Behin gola sartuta, orduan, epaileek zelaitik aterarazi zuten atezain euskalduna. Medikuek ezin izan zuten kantxan bertan hartatu, nahiz eta jokalari bakarra den horretarako eskubidea duena. Nahasmena izan zen nagusi minutu horietan, eta hori aprobetxatu zuen etxeko taldeak partida irabazteko. Luisek bigarren zutoinean errematatu zuen erdiraketa, eta horrela amaitu zen.

Itzulerako bidai gogor eta luzearen ondoren, datorren larunbaterako laguntza eskatu du Ibarrako taldeak. 

DATUAK

C.D.F.S. SEGORBE: Pablo, Dani (2), Chover, Nico, Salva. Luis (1), Juanmi, Diego, Andoni, Ferky, Alexis.
LAUBURU K.E. IBARRA: Beñat, Cristian (1), Uzkudun, Unai (1), Garmen. Ezeiza, Borja, Loitzun, Mauro, Joseba.
Txartel horiak: Diego, Chover eta Juanmi (C.D.F.S. SEGORBE). Unai, Uzkudun eta Garmen (LAUBURU).

GOLAK

1-0 MIN 13:09 DANI; 1-1 MIN 24:13 UNAI; 1-2 MIN 29:26 CRISTIAN; 2-2 MIN 38:59 DANI; 3-2 MIN 39:24 LUIS

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!