Denboraldia amaitzearekin batera, Lauburu K.E. Ibarra taldeko zuzendaritzak jakinarazi du Aitor Arevalok jarraituko duela lehen taldearen entrenatzaile izaten. Klubeko kirol zuzendaritzak entrenatzaile billabonatarraren lana eta taldearen emaitzak "oso onak" izan direla argudiatuta, beste urtebeterako konpromisoa hartu du.
Datorren urteko denboraldiari begira, "egiteko asko" dagoela adierazi du klubak, izan ere, zuzendaritzan eta klubaren oinarrietan aldaketak izango direla iragarri dute. Gainera, 25. urteurrena ere ospatuko dute ibartarrek. Une honetan, baina, taldea osatzeko lanetan zentratuta daude: "Aldaketak izango dira taldean, beti ere gure baliabideen araberakoak eta taldearen filosofiarekin bat eginik, hau da, jokalari gazteeenei aukerak emanaz".
Kadete eta jubenilentzat deialdia
Datorren denboraldian Lauburun jokatu nahiko luketen gaztetxoentzat deialdia zabaldu du klubak. Datorren asteazkenean, hilaren 28an, egingo dira prestaketa saioak, Belabieta kiroldegian. Kadeteen kasuan, 1999 eta 2001 bitartean jaiotakoentzat, alegia, 18:30ean hasiko da entrenamendua; 1996tik 1998ra bitarte jaiotako jubenilena, berriz, 19:30ean.
Eratu berri den Ohorezko mailan lehiatuko den jubenilen taldea sortzea da ibartarren asmoa. Talde horrek Kantabria, Errioxa eta Euskal Herrian zehar jokatuko lituzke neurketak.