Garaipen erraza izan du Lauburu Ibarrak jardunaldi honetan. Azken sailkatuak bisitatzen zuen Belabieta, eta logika nagusitu zen. Kanpotarrak kontraerasoren bat harrapatzeko asmoz atera ziren, eta defentsan zentratu zuten euren jokoa. Estrategia hori, ordea, segituan hankazgora jarri zuten, bigarren minutuan Unaik lehen gola egin baitzuen.
9. minutuan iritsi zen bigarrena. Maurok baloia lapurtu eta atezainaren hanka azpitik sareratu zuen baloia. Aragoiko taldeari maldan gora jarri zitzaion partida, eta atzean sartuta ez zuen apenas aukerarik izan. Bai, ordea, Ibarrak. Atsedenaldira Mauro eta Unaik sartutako beste bi goleko errentarekin joan zen.
Bigarren zatia lehenaren antzera lasaia izan zen. Aitor Arevaloren mutilak nagusi ziren kantxan. Mauro eta Ezeizak gol bana lortu zuten, eta 6-0eko emaitzarekin amaitu zen partida.
Garaipen garrantzitsua izan da asteburukoa, izan ere, hirugarren postua bost puntura du orain Lauburuk. Lau partida geratzen dira denboraldia amaitzeko, eta partida gogorrak ditu aurretik talde ibartarrak: Pinseque, Debabarrena, Zierbena eta Fuenmayor taldeen aurka, hain zuzen.
Jubenilen taldeak, beriz, 3-6 irabazi zuen Zarautz taldearen aurka. Denak Taberna taldeak ere garaipena eskuratu zuen Pescados Ferreres Anaiak taldearen aurka, 1-6ko emaitzarekin.