Luma Otaño 24 urteko tolosar gaztea da: sare sozialetan duela urtebete pasatxo hasi zen, eta arrakasta handia lortu du. Euskarazko edukia sortzeko apustua egin zuen hasieratik. Zergatik? Zer ondorio ekarri dizkio horrek?
Zer hitzekin definituko zenuke zeure burua?
Burura etorri zaidan lehena «explosiva» izan da, leherkorra edo indartsua… Sare sozialetan ez dakit ikusten ote den, baina bizitza errealean nortasun nahiko sendoa dut, eta, gainera, ideiak oso argi ditut eta horrela defendatzen ditut.
Eguneroko Luma eta sare sozialetakoa ezberdinak al dira?
Nik uste dut berdinak direla, ez dudalako paperik antzezten, baina egia da sare sozialetan zure bizitzako zatitxo bat soilik partekatzen duzula. Askotan pentsatzen dut, soilik sare sozialetan ikusten nauenak agian ez nauela gogoko izango, baina desberdina naiz noski sare sozialetan edo aurrez aurre.
Noiz erabaki zenuen sare sozialetan hastea?
Gutxi gorabehera duela urte eta erdi inguru. Aurretik lagunarteko edukia partekatzen nuen, txorakeriak egiten nituen egunerokoan... Eta bat-batean konturatu nintzen, ordurako «edukia» igotzen ari nintzela. Joan-etorrian, neure buruari esaten nion: «Jo, ez naiz ausartzen gauzak igotzera»; jendearen kritikaren beldur nintzelako. Baina egun batean klik egin zidan buruak, eta pentsatu nuen: «Jo, zenbat gauza uzten ditudan egin gabe jendearen beldur naizelako». Beraz, erabakia hartu nuen, eta horrela hasi nintzen edukia pixkanaka igotzen. Egia da prozesu bat izan zela.
Lehenengo edukian ez nuen adierazpen handirik egin. Argazki batzuk eta gogoeta txiki batzuk idatzi nituen. Idatziz, pixkanaka eman nituen pausoak, neure burua eroso sentitu arte, eta, gero, bideora iritsi arte. Lehenengo bideoa nire nebarekin egin nuen. Ez nintzen ausartu bakarrik egitera, eta, beraz, nire neba hartu nuen. Zorionez, berak animatu ninduen. Prozesu bat da hori guztia, nire kasuan behintzat, horrela izan da. Eta hor, noski, beldurrak agertzen dira, normala da hasieran beldurrak edo lotsa edukitzea.
Zein sare sozialetan mugitzen zara bereziki?
TikToken, duela gutxi Instagramen ere hasi naiz. Batzuk Youtuben ere aritzen dira, baina ni ez naiz ausartzen, gainera, lan handia da, edizioak ere denbora eskatzen du. Gainera, nire lana ere badaukat, eta horri ere denbora eskaini behar diot.
Adin tarte zehatz bati zuzentzen al diozu zure edukia? Zeini?
Bai, kontuan izaten dut haurrek zein nerabeek ikusten nautela, eta, horrenbestez edukia kontu handiz igotzen dut jakinda euren gurasoek ere ikus dezaketela. Nolabait ni eredu bat banaiz; eduki sortzaile askok euren edukia igotzean esaten dute haiek ez direla ikusle gazteen begiraleak edo gurasoak, baina iruditzen zait bagarela agente sozialak, eta, nolabait, gure bitartez hezi egiten direla. Transmititu nahi dituzun balore eta ideia batzuk argi izatea oso garrantzitsua da. Beraz, nire publikoa badira haurrak, nerabeak zein gazteak, eta buruan izaten ditut. Adibidez, neure buruari galdetu izaten diot: «Erakutsiko nioke bideo hau nire amari?», eta erantzuna ezezkoa bada, baliteke ez izatea sare sozialetan partekatzeko zerbait.
Ezagutzen ez zaituen jendeari azalduko zenioke zure bideo ohikoenak zeren inguruan izaten diren?
Hau galdetzen didaten guztietan ez dut jakiten zer esan. Nire edukia denetarikoa izaten delako, eta ez dudalako beti zerbait zehatza igotzen. Adibidez, hausnarketetan dezente zentratzen naiz. Nire ideiak oso argi dauzkat, eta horiek transmititzea gustatzen zait, beraz, saiatzen naiz hori egiten. Gainera, iruditzen zait posible dela balore batzuk transmititzea, eta, horregatik, oso alde nago sare sozialei erabilera hori emateaz.
Edukiak askotarikoak izanda, posible al da jendea erakartzea?
Bai, azkenean, igotzen duzunarekin jendeak zu gertuko pertsona moduan ikusten zaitu, konektatzeko errazagoa izaten da horrela. Urrutiko edukia ikusten baduzu, esaterako, neska bat bere Louis Vuitton poltsak erakusten, ez zara identifikatuta sentituko. Ni, azkenean, kaleko pertsona bat naiz, eta, orduan, jendeak gehiago konektatzen du.
Orain dela urte eta erdi hasi zinen sare sozialetan, baina zer sentitu zenuen lehenengo bideoak biral bihurtu zirenean; hau da, etxekoez eta lagunez gain jendeak ikusten zituela jabetu zinenean?
Orduan zentzua ikusi nion edukia igotzeari, eta nuen ilusioa handitu zen jendearen erantzuna positiboa zela ikustean, beldurrak txikitzen joan ziren. Maite edo miresten nauen jendea badagoela ikusteak lagundu egiten dit. Norbait gerturatzen denean zerbait esatera edo idaztera, beti esaten diet oso eskertuta nagoela. Azkenean horrek motibatzen nau jarraitzera. Ez banu babes hori guztia ikusiko, seguruenik ez nuke jarraituko.
Jendearen babesa jasotzen duzu, baina eguneroko bizitzan 0tik 100era zerbait aldatu al zaizu?
Egia esan, nire kasuan, konpainia berdinak mantentzen ditut; niretzat gertukoak garrantzitsuak dira, eta haiek ez dute nirekiko jarrera aldatu. Babestu egiten naute sare sozialetan, baita bizitza errealean ere, eta, egia esatera, ez zait ezer aldatu. Aukera berriak ireki zaizkit, eta esperientzia oso politak bizitzen ari naiz.
Sare sozialek alde onak eta txarrak dituzte; zer alde on eta txar ikusten dizkiozu bertan aritzeari?
Alde ona, dudarik gabe, jasotako babesa da, eta horrek ez du preziorik. Oso polita da jendea ezagutzea; gertatu izan zait adibidez mugikorretik idatzi eta gero, pertsona hori aurrez aurre aurkitzea. Alde txarra da duzun beldurra; nahiz eta babes eta maitasuna eduki, egia da, gero eta jarraitzaile gehiago izan, orduan eta hate edo gorroto gehiago jasotzen duzula, eta hori kudeatzen jakin behar duzu. Hori kudeatzen eta oreka bat mantentzen ikasi egin behar da.
«Alde ona, dudarik gabe, jasotako babesa da, eta horrek ez du preziorik»
Noizbait eskatu dizu guraso edo gazteren batek urtebetetzerako bideoren bat?
Bai, eskatu izan didate, eta ilusio handia egiten dit norbaiti nire edukia hainbeste gustatzeak.
Bideoetarako ideiak aurretik pentsatzen dituzu edo naturalki ateratzen zaizkizu?
Hasieran bat-batean egiten nuen; baina gero konturatu nintzen horrek denbora asko kentzen zidala, grabatzen hasten nintzelako eta ez zitzaidanean zerbait gustatzen, bideoa berriz egiten hasi behar nuelako. Horrela pasatzen nituen orduak grabatzen. Orduan konturatu nintzen gidoi bat prestatuta, eskema batekin, errazagoa zela, baita ediziorako ere. Beraz, orain bai, gehiago antolatzen dut zer esan nahi dudan. Gainera, errazagoa egiten zait modu horretara zer mezu transmititu nahi dudan jakitea. Azken finean, filtroa pasatzea errazagoa da.
Gaztelaniaz egingo bazenu, publiko zabalagoa edukiko zenuke? Zergatik aukeratu zenuen euskaraz egitea?
Euskaraz egitea erabaki nuen egunerokotasunean euskaraz egiten dudalako, neurri handi batean bai, behintzat. Baina egia da gaztelera ere badugula, eta, batzuetan, erabiltzen dugula. Hala ere, euskara nire nortasunaren eta identitatearen parte da, eta komunikatzeko nire lehen hizkuntza da, horregatik erabaki nuen euskaraz egitea.
Euskaraz egiten hasi nintzen ikusten nuelako inork ez zuela sare sozialetan euskaraz egiten, eta probatzea pentsatu nuen. Zorionez, harrera ona izan zuen. Horrek ate asko ireki dizkit, jendeak asko babesten nau euskara erabiltzeagatik, alde on asko ditu.
Euskararen erabileraren alde lotutako iruzkinek bultzada eman dizute?
Bai, hasieratik. Hala ere, egia da jarrera ona antzeman badut ere, ez nituela sekulako zenbakiak. Nire anaiarekin igo nuen bideoak adibidez, sekulako kolpea izan zuen, momentu hartan ez baitzen euskaraz egiten, eta oso harrera ona eduki zuen. Inongo momentutan ez dut motibazioa galdu, eta denbora guztian gora joan naiz.
Geroz eta edukigile gehiago daude euskaraz egiten dutenak, baina, oraindik, zerbait falta al zaio euskarazko edukiari?
Ezetz esango nuke, geroz eta eduki gehiago ikusten ditut, eta mota desberdinetakoak. Hala ere, egia da nik kontsumitzen ditudan eduki batzuk ez ditudala euskaraz ikusten. Esaterako, haul-ak ez zaizkit gehiegi agertzen. Hala ere, geroz eta eduki sortzaile gehiago daude eta mota desberdinetakoak. Adibidez: janaria probatzera joaten direnak, umorea egiten dutenak edo beraien bizitza partekatzen dutenak. Nahiko konpleto dagoela ikusten dut, baina, hala ere, oraindik bidea egiten ari gara eta oraindik geratzen da. Gutxika hobetzen ari gara; izan ere, duela urtebete ia ez zegoen ezer. Orain, ordea, geroz eta eduki sortzaile gehiago agertzen zaizkit sare sozialetan, eta hori pozgarria da.
Geroz eta euskal eduki sortzaile gehiago daude, baina zuen artean ba al dago nolabaiteko laguntasun edo harremanik?
Bai, azkenean, bizitzan bezala, sare sozialetan kointziditzen dugu, eta harremanak sortzen ditugu; batzuekin besteekin baino gehiago konektatzen duzu, hori bai.
Gustatuko litzaizuke norbaitekin kolaborazioren bat egitea?
Egia esango dizuet, ez dakit ezohiko iritzi bat ote den, baina nik ez dut burua kolaborazioetan, oso hotza iruditzen zaizkit eta. Gehiago gustatzen zait pertsona bat sare sozialetan ikustea, eta arreta deitzen badit, pertsona horrekin geratzea: kafe bat hartu, hitz egin, gure bizitza elkarri kontatu… eta ikusiko banu konektatzen dugula, ba TikTok bat grabatu genezake. Kontrara, ni ez naiz pertsona horietako bat jarraitzaileak edukitzeagatik kolaborazio bat egin nahi izaten duenetakoa; oso hotza iruditzen zait. Ni ez naiz horrelakoa. Errespetatzen eta ulertzen dut norbaitek egiten badu, hainbatentzat lan bat da, eta estrategiak ere badaude, baina ni saiatzen naiz gauzak nire kabuz egiten.
«Ez naiz jarraitzaileak edukitzeagatik kolaborazio bat egin nahi duen horietakoa»
Zenbat eta jarraitzaile gehiago izan, orduan eta mehatxu edo «hate» gehiago jasotzeko aukera dago. Nola daramazu? Nolakoak dira mehatxu horiek?
Gehiengoak euskaragatik izaten dira; egia da beste batzuek askoz ere hate gehiago dituztela, gazteleraz egiteko eskatzen diete. Nire kasuan, gehienak euskara zuzenketak izaten dira.
Zer tresna erabiltzen duzu 'hate'-ari aurre egiteko?
Nik uste dut nortasun sendoa dudala. Bizitzan bezala, zure gustukoa izango naiz edo ez, eta horretara ohituta nago, ezin garelako guztion gustukoa izan.
Zuk badakizu 'hate' horri nola aurre egin, baina zure familiak erreakzio bereziren bat izan al du horren aurrean?
Azkenean badakite non nagoen, badakite hate-a edukiko dudala, gustatu ala ez; beti egongo baita gehiegi hitz egiten duen jendea. Saiatzen dira garrantzia kentzen, eta, batzuetan, bai galdetzen didatela ea merezi ote duen segitzeak. Orduan indarra hartzen dut, eta aurrera segitzeko esaten didate. Zergatik? Oso pozik nagoelako lortzen ari naizenarekin. Gainera, ez diot egiteari utziko hogei bat pertsonengatik. Gertukoekin hitz egiten asko lasaitzen naiz; lehen esan dudan bezala, inportanteena da babesa edukitzea aurrera jarraitzeko.
Burutik pasa al zaizu sareak uztea?
Serio-serio ez, baina pentsatu izan dut lasaiago egongo nintzatekeela bideorik igoko ez banu; horrela ez nituzke iruzkin txarrik eta 'hate'-ik jasoko. Ez nuke esposiziorik sentituko, ardurarik. Igual lasaiago ibiliko nintzateke, baina esan bezala aurrera segitu nahi dut; izan ere, ona txarra baino gehiago da. Alderantzizkoa den momentuan, agian utziko dut, baina momentuz aurrera jarraituko dut.
Sare sozialetan hasteko erabakia hartu zenuenean bazenuen mundu horretako erreferenteren bat? Zure inspirazio iturri inor izan da?
Ez dauzkat erreferente zehatzik, badauzkat gustuko ditudan eduki sortzaileak, adibidez, komunikatzeko duten moduagatik, edo editatzeko duten moduagatik… Guztiak ditut inspirazio iturri, baina ez bat zehatza.
Zeure burua erreferente ikusten duzu? Ardura hori sentitzen al duzu?
Eduki sortzaileok bagara erreferente. Izan ere, nahi edo ez, transmititu egiten dugu, jendea hezi egiten dugu. Beraz, erreferente bagara. Ardura bat duzu eta jakin behar duzu zer esan, zer ez, zer komunikatu, eta kontuz ibili behar zara, gazteek eta haurrek ikusten zaituztelako.
Zer aholku emango diozu euskarazko edukia egiten hasi nahi duen norbaiti?
Gustatzen zaion edukia egiteko, eta probatzeko ea jendeari zer gustatzen zaion. Horrez gain, euskaraz egiteak ikusle kopuruan eragina izan dezake, baina, esan dudan bezala, niri euskaraz egiteak ate asko ireki dizkidanez, euskaraz probatzeko esango diot. Gainera, modu horretara euskal edukia bultzatu eta balioan jarriko dute. Beraz, euskaraz egitera animatuko nuke.
Hemendik urte batzuetara non ikusi nahiko zenuke zeure burua?
Gustatzen zaidan zerbaitetan. Pedagogia eta Lehen Hezkuntza ikasi ditut. Umeekin disfrutatu egiten dut, eta horixe da nire lana, beraz nire etorkizuna haurren artean irudikatzen dut. Hori bai, aukeraren bat edukiko banu sare sozialen munduan, horrekin aurrera egiten saiatuko nintzateke, edo biak bateratzen, orain aritzen naizen bezala. Ez dut gehiegi pentsatu nahi; izan ere, larritu egiten naiz etorkizuna zalantzazkoa delako. Bereziki axola zait familiarekin ondo egotea, nire bikotearekin jarraitzea, lagunekin planak egitea… Bide beretik segitzea, alegia.