Erakutsiz Ikasi 25-26

«Beldurtia baina zirikatzaile zintzoa nintzen umetan»

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain. Amaiur Leunda, Marwa Kandili eta Mari Tejeria 2026ko urtarrilaren 26a

Antton Telleria komunikatzaile, umoregile eta musikaria. ATARIA

ATARIAko Erakutsiz Ikasi programaren barruan, Laskorain Ikastolako DBH4. mailako Amaiur Leundak, Marwa Kandilik eta Mari Tejeriak Antton Telleria komunikatzaile, musikari eta umoregilea elkarrizketatu dute.

Antton Telleria ahots askotariko tolosarra da; pantailan, irratian eta eszenatokian ezaguna. DIDA, Mihiluze eta Ze martxa! bezalako saio arrakastatsuetatik NININI bakarrizketa barregarrira pasa da. Gainera, Adi! taldeko bateria jotzailea da, uda Nøgen taldearekin biran eman du, eta txarangetan ere parte hartzen du. Baina nola iritsi da horraino? Nolakoa zen txikitan? Eta nolakoa da orain? Hori dena eta gehiago kontatzeko elkartu gara berarekin.

Zuk nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Nik ñabardura bat egingo nuke, kazetari askotan aipatu izan dute, baina nik Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi nuen. Kazetaritza ikasten duena kazetaria da, eta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten duena ez dakit zer den. Orain arte ez naiz kazetari lanetan ibili; gehiago izan da entretenimendua, umorea, esatari... Hori bai, isilik ez egotea!

Nolakoa zen Antton txikitan?

Antton txikitan orain baino txikiagoa zen, dezente, hori nabarmen; eta nahiko ume zintzoa zela esango nuke. Pixka bat beldurtia ere bai, eta ondorioz zintzoa eta jatorra, ezta? Espero dut! Bai, jatorra eta tarteka zirikatzailea ere bai; zirikatzaile zintzoa.

Antton txikiari zer mezu edo aholku emango zenioke?

Esango nioke: «Egon lasai, lasai Antton». Izan ere, gaur egun ere banaiz, baina bereziki umetan izan nuen joera gehiegi estutzekoa, azterketekin esaterako edo etxeko lanen bat egin beharra zegoenean... Oso erraz larritu izan naiz horrelakoekin. Orduan, esango nioke: «Hartu arnasa».

Zein zen zure txikitako ametsa? Zer izan nahi zenuen nagusitan?

Eszenatokiren batean irudikatzen nuen neure burua, hori gustatzen zitzaidan behintzat. Gogoan dut, adibidez, garai batean izan nuela joera, larunbat goizetan nahiko goiz esnatzeko; orduan ohean egoten nintzen komikiren bat irakurtzen edo musika entzuten. Gogoan dut garai hartan Berri Txarrak taldeak disko bat atera eta hori entzuten nuela, eta imajinatzen nuen neure burua bateria jotzen eszenatoki batean edo kantatzen; oro har, ni zerbait egiten eta jendea niri begira. Hori gustatu izan zait, eta zorionez gertatzen ari da, beraz, oso pozik nago.

Zure haurtzaroa definitzeko zer abesti aukeratuko zenuke? Zergatik? Eta, gaur egun, zein abestik definitzen zaitu?

Nire haurtzaroa definituko duen kantu bat... ez dakit zehazki, baina Maialen Lujanbioren Irri egiten duenari —ikasleek irratsaioko sarreran aukeratu dutena— oso polita da, pentsatu nahi dut nire haurtzaroa horrelakoa izan zela. «Irribarre laranja bat margotu nahi diogu eguzkiari» dio, eta gustatzen zait. 

Bestalde, gaur egungo momentua definitzeko beste kantu lasai bat aukeratuko nuke. Agian, oraindik idazteko dago kantu hori, baina esan nahi dudana da oso momentu eroso batean nagoela; ez dakit zenbat iraungo duen baina lanari neurria hartuta, gustuko ditudan gauzak egiten ari naiz. Olaia Inziarteren Rita abestia aukera nezake, melodia atsegina da, eta hori izan daiteke nire soinu banda momentu honetan.

Betidanik gustatu izan zaizu jendaurrean aritzea?

Bai. Eta bada kontrakotasuna; izan ere, batetik ume beldurtia eta estua nintzen, baina gero, klasean aurkezpenak egiterakoan —ikasle askorentzat momentu traumatiko xamarra izaten da—, beti sentitu naiz nahiko eroso, ez dakit zergatik, baina bai, hala izan da.

Non eman zenituen zure lehen pauso profesionalak?

Nire lehen pauso profesionalak ez ziren oso profesionalak izan, baina pauso horiek irratian izan ziren, Gaztea irratian, unibertsitatetik bertara bideratu gintuzten, halako proba bat pasa, eta bekadun lanetan aritu nintzen.

Norbaitek bultzatu zintuen mundu horretara sartzera?

Gure aitak EITBn gidoilari lanak egin izan ditu; Txirri, Mirri eta Txiribitonentzat, abestietako letrak ere idatzi ditu. Ama ere euskaltegian aritu da lanean, eta hizkuntza lantresna izan du; etxetik pixka bat etorri zaigu. Anaia ere, nabarmen, beti izan da erreferentea niretzat, noski; eta horrek ere asko errazten du, ikustea norbait dagoeneko zerbaitetan ari dela zuk bidea hasi baino lehen. Norbaiten atzetik joatea niretzat, behintzat, erosoagoa da.

Nola gogoratzen duzu 'Gure kasa'-ko esperientzia? Telebistan zure lehenengo aldia al zen?

Telebistan lehenbiziko lana hura izan zen, eta oroitzapen oso politak dauzkat; izan ere, niretzat bide onak egiten dira pixkana-pixkanaka goraka. Nire kasuan Gure kasara joateko deitu zidaten, hasieran kolaboratzaile izateko, eta lehenengo agerpentxo batzuk egiten hasi nintzen, pixkanaka-pixkanaka bidea egiten joan nintzen. Julenekin —Telleria— eta Itziar Alduntzirekin batera aurkezle izendatu ninduten arte; oroitzapen oso onak ditut gogoan. Gainera, telebista testuinguru ezegonkor xamarra izaten da, ezta? Saioak hasi eta konturatzerako bukatu, horrek kezkatzen ninduen pixka bat; hau da, zure lehen saioak hiru hilabete soilik irauten badu, halako madarikazio txiki bat gera dakizuke, ezta? Hiru urteko ibilbidea izan zuen saioak, telebistara ohitzeko oso esperientzia aproposa izan zen.

Horretaz gain, 'Barre librean'-en ere ikusi zintugun. Nola gogoratzen duzu saio hura?

Saio hura oso garrantzitsua izan zen; izan ere, oso momentu erabakigarrian tokatu zen. Pandemia tarteko, Gure Kasa bukatu zen. Pandemian bertan, itxialdian ginela, hasi nintzen buruari bueltaka, noizbait egin nahi nuelako horrelako zerbait: komedia, monologoak... Etxean idazten hasi nintzen, Aitziber Garmendia laguna baitut eta baita lankidea ere, orduan, testu batzuk bidaltzen nizkion lehen begiratua botatzeko. Eta horretan ari nintzela, telebista saio hura sortu zuten, eta aukera eman zidaten bertan lehen monologoa egiteko, telebistan gainera. Normalean naturalagoa izaten da taberna zuloren batean hastea, eta gero pixkanaka bidea egitea. Zentzu horretan, tokatu zitzaidan goitik abiatzea, komiko modura hura izan zen nire komunio modukoa. Neure buruari esan nion: «Hau egiteko gai naiz». 

Alderik antzeman al zenuen kalean? Jende gehiagok ezagutzen al zintuen?

Pixkanakako zerbait izan da. Hasieran irratian bekadun hasi; gero, irratian saio batean; gero bestean, jendea pixkanaka horrela ohitzen doa. Gainera, Tolosa inguruan, anaia alboan izanda, ezagunagoak ginen. Gradualki etorri da dena. Hala ere, ATARIAra oso lasai etorri naiz, inork ez nau geratu bidean «Ei, mesedez, argazki bat» eskatzeko. Ez zegoen inor ATARIAko atarian, ez zegoen inor nire zain. Guztiak gora egin du telebistan agertzearekin, ikuskizunekin… Ari naiz alde batean eta bestean, eta jendeak hori nabaritzen du.

Izan duzu anekdota arrarorik jarraitzaileren batekin?

Oro har denak oso atseginak dira, den-denak ez noski, baina jendea normalean gerturatzen zaizunean oso modu atseginean etortzen da. Adibidez, anaiari gertatu zitzaion, baina ni ere lotzen nau anekdotak... Anaiari joan zitzaion mutil bat, eta esan zion: «Hi zein haiz hi edo hire anaia?». Hori da galdera txar bat, filosofikoa, ezta? 

Bestalde, gogoan dut beste bat ere, duela gutxi Arrasaten nintzela, mutil bat tabernan gerturatu zitzaidan, eta esan zidan: «Txo! Antton, bejondeizula. Oso zalea naiz, zure umorea gustatzen zait pila bat, umore inteligentea, eta iruditzen zait zure planteamenduak oso inteligenteak direla». «Jo, ba eskerrik asko», erantzun nion. Eta jarraian berak erantzun: «Zuk badakizu portugaldar bat nola doan Everestera? Abrigado». Eta, orduan, bere txistea horren txarra izanik, pentsatu nuen, agian, umore inteligentea mutiko horri baino ez zitzaiola irudituko. Aurretik esan zuen guztia zapuztu zuen txiste horrekin!

Horrenbeste proiektu egin ostean, jende asko ezagutu duzu. Zein da bidelagunen artean gehien lagundu dizuna?

Anaia, baina ezagutzen nuen aurretik, aspalditik noski! Aitziber Garmendia lehen ere aipatu dut; eta egia esan, oso lankide eta lagun ona izan da, gerora, esaterako, Mitoaroari esker elkartu ginen. Aitziberrekin 3 urte izan ziren, eta 3 urte horietan astean bi arratsalde pasatzen nituen berarekin, eta oso-oso harreman estua sortu genuen. Gainera, irratiko langileak zer esanik ez! Irratiko lankide bat bikotekidea ere bada, orduan pentsa zer lotura dudan! Asko baldintzatzen du horrek, nire kasuan zorionerako.

Zer da zure lanetik gehien motibatzen zaituena?

Jendeari barre eginaraztea asko gustatzen zait, bide desberdinetatik, eta buruari eragitea, emaitza horretan pentsatuta.

Telebista eta irratiko aurkezlea, bakarrizketalaria eta bateria jotzailea zara, zein da hurrengo pausoa?

Hurrengo pausoa gauza gutxiago egitea eta hobeto egitea da, ondo legoke. Asko-asko gustatzen zait sukaldaritza, eta ez nuke hori ofizio bilakatzerik nahi. Izan ere, oso ofizio gogorra da, eta ni oso ohituta nago ondo bizitzera; horrela nahiko nuke segi. Hobeto bizi nahiko nuke, ahal dela beti, helburua hori da, baina sukaldaritzan pixka bat gehiago trebatzea gustatuko litzaidake.

Zer da arrakasta?

Egunero esnatzea, ispilura begiratzea, eta esatea: «Begira zein naizen». Ez-ez, broma da. Azkenaldiko lorpenik arrakastatsuena izan da irratian lanaldi murriztua hartzea. Orain ere lanaldi erdian ari naiz irratian, eta orduan, arrakasta da, esaterako, astelehen batez lanetik 11:30ean ateratzea, eta ostiral goizez lanera joan beharrik ez izatea. Hori da sekulako arrakasta, eta ondo bizitzea aldi berean, noski.

Zu arrakastatsua sentitzen zara?

Zentzu horretan bai, orain inoiz baino gehiago. Gaur esaterako, beste emanaldi bat dut Getarian eta sarrerak bukatu omen ziren segituan. Ez da komeni horretara ohitzea noski, komeni da, ez ospatzea, baina bai esatea: «Gaur gertatu da, akaso hurrengoan ez da gertatuko». Baina hori ere bada arrakasta, nabarmena. Zuk deialdi bat egitea, halako ordutan, halako aretotan, eta jendea joatea. Hori bada arrakasta. 

JOKOA. TITULAR FALTSUAK

Zure lanaren edo proiektuen inguruko lau titular faltsu emango dizkizugu, eta zuk albiste osoa inprobisatu beharko duzu.

A ze jolasa! Jolasa hobea da zuentzat niretzat baino. Bale, beraz, minutu batez garatu beharra daukat titular hori. Albistegitako aurkezle bihurtuko naiz bat-batean. Ze zaila, ezta? Saiatuko naiz!

Lehenengo titularra: Antton Telleria irabazle 'Mihiluze' saioa aurkezten egindako lanagatik.

Hala da, lankideok, Antton Telleriari Adarra saria eman diote Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egin den sari ekitaldian, gala berezi horretan. Orain arte musikariek irabazi izan duten saria izan da, besteak beste, Ruper Ordorikak, Anarik… zendu diren beste artista askok ere bai, baina epaimahaiak lehenbiziko salbuespena egin eta musikari bati ez, aurkezle bati ematea erabaki du, hain zuzen ere, Antton Telleriari. Antton Telleriak bereziki jotzekotan, adarra jotzen duelako. Zuena da hitza lankideok. 

Bueno nahiko ondo, ezta? Ez naiz isildu. Hori da gakoa, ezta? Ez isiltzea.

Bigaren titularra: 'Dida' saioa urte berriko kanpaien arduradun.

Hala da, lankideok. Hori erabiliko dut beti, ados? Dida saioa, normalean irratia goizean goiz abiatzen da, eta urte berria goiz abiatzea erabaki du aurten EITB taldeak, estreinakoz irrati estudio bat kamerez josiko dute. ETB1ean ikusgai izango da. Orain arteko Urtezaharreko kanpai guztiak, edo kanpai guztien berri, azken urteotan, Gasteiztik eman dute, Julen Telleria aritu izan da aurkezle lanetan; erabaki dute, lantaldeari aitortza egite aldera, eurek ere merezi dutela halako emankizun baten testigu izatea. 

Hau ez dut hain ondo egin, baina bueno, ez naiz isildu ere.

Hirugarren titularra: EITBk 'Gure Kasa' telebista saioaren 'remake'-a iragarri du, baina Julen eta Antton Telleria beharrean, Twin Melody izango dira aurkezle.

[Barrez]. Askotan aipatu izan da, EITBk lotura izan dezakeela alderdi politiko jakin batekin, eta alderdi politiko honek elizarekin ere lotura bat duelakoan, batura hori sortu da, eta Twin Melody ahizpak, Aitana eta Paula, God first aldarrikatu izan duten artistak, Gure Kasa saioaren gidari izango dira. Beraiekin batera ariko da noski, Virginia Santos, elizkoia hau ere. Konbinazio esplosiboa izango da, eta adierazi dutenez, alde nabarmenena izango da kantuan eta dantzan hobeago moldatzen direla.

Virginia Santos —Aitziber Garmendia— ados egongo ote da? Kantu elizkoiak ere kantatzen dituzte Aitanak eta Paulak, horretan elkartuko dira nik uste, hiru ahotsetara. Hiruko santua osatuko dute.

Azken titularra. Rodolfo Chikilicuatreren arabera, Antton Telleria fenomenoak bere umorista karrera hondoratu du.

Beti izan naiz ni konpetentzia zuzena. Niri deitu zidaten Eurovisionera joateko, egon dira bestelako dei batzuk, Euskovision izeneko jaialdi bat antolatzeko deialdiak ere bai. Baina, Hatu anasaren reggaeton bertsio bat egin eta Espainia ordezkatzeko deitu zidaten. Baina nik zera esan nien: «Ni euskal herritarra naiz, eta, gainera, Eurovision jaialdi sionista izanda, sentitzen dut baina ez naiz joango». Eta hori esatearekin batera, Rodolfo Chikilicuatreri kendu dizkiot maskara guztiak, eta lur jota dago orain. Animo Rodolfo, herria zurekin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!