Euskararen Eguna 25

Abenduak 3, Euskararen Eguna

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain Ikastola 2025eko abenduaren 2a

Goizean kantujira egingo dugu herriko zenbait gunetan, eta arratsaldean, bingo musikatua Sakramentinoetako jolastokian. Ondoren, txarangarekin joango gara Plaza Zaharrera, giza mosaikoan parte hartzeko.

Abenduaren 3an, Euskararen Eguna dela eta, kantujira berezia antolatu dugu herrian zehar. Azken asteetan, adin guztietako ikasleek hiru abesti prestatu dituzte: Guk euskaraz, zuk zergatik ez?, Behin betiko eta Euskal Herrian euskaraz.

11:00etan, ikasleak adinka eta taldeka banatuko dira herriko hainbat gunetan eta bertan hiru abestiak abestuko dituzte. Ekimen honen bidez, ikastolak eskerrak eman nahi dizkie herriko erakunde, talde eta elkarteei, euskararen alde egiten duten lanagatik.

Parte hartzaileak ondoko guneetan elkartuko dira 11:00etan: Imakulada Ikastola (HH3), Iurreamendi egoitza (HH4 eta BATX2), Uzturre egoitza (HH5 eta BATX2), Plaza Zaharra (LH3 eta DBH4), apeaderoa (LH1 eta BATX1), Plaza Berria (LH2 eta BATX1), Berdura plaza (LH4 eta DBH3), erretirodunen elkartea (LH5 eta DBH2) eta Euskal Herria plaza (LH6 eta DBH1).

Ondoren, 11:30ean, ikasle guztiak Trianguloan elkartuko dira, txarangarekin batera abestiak berriro kantatzeko eta herriari eskerrak emateko. Herritar guztiak gonbidatuta zaudete kantujiran parte hartzera.

Eguna amaitzeko, 17:00etatik aurrera bingo musikatua egingo dugu Sakramentinoetako jolastokian ikastolako familia guztientzat. Bingoak euro bateko kostua izango du. Jolastu bitartean txokolatea banatuko dugu. Irabazleak Errigorako saria jasoko du.

17:45ean emango diogu amaiera bingo musikatuari, eta txarangaren laguntzarekin Plaza Zaharrera joango gara, Galtzaundik antolatu duen mosaiko erraldoian parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!