Hemen dira inauteriak!

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain Ikastola 2025ko ots. 26a, 14:53

Kaldereroek iragarri bezala hemen ditugu 2025eko inauteriak eta Laskorain ikastolan irrikaz gaude dantzan hasi eta jai giroan murgiltzeko.

Gutxi falta da txupinazoarekin batera Tolosako auzo eta kaleetan festa lehertzeko. Sei egunetan zehar, txilaba eta mozorroak soinean, jai giro alai eta umoretsu batean murgilduko gara Tolosar guztiak eta baita Euskal Herriko hainbat herrietatik etortzen diren bisitari guztiak ere. 

Euskal jaietako osagai guztiak biltzen dituen festa erraldoiak dira inauteriak; herri kirolak, euskal gastronomia eta nola ez, euskal musika. Txarangak, dultzaineroak, kontzertuak, danborrada, Tolosako banda… Aukera zabala egon ohi da herri osoan zehar musika ederraz gozatzeko. 

Laskorain Ikastolan inauteriak ilusio handiz bizi ditugu, gure ikasleei euskal tradizioak eta kultura transmititzeko une ezin hobea delako. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa ikastolarentzat funtsezko helburu izan da beti, eta inauteriek aukera bikaina eskaintzen dute hori egiteko. Adibide bezala, DBHko ikasleek egin berri duten lanketa interesgarria Argi ikaskuntza esperientziaren barruan: inauterietako abestiak landu dituzte beraien esanahia aztertuz. Orain aipatutakoa bezala, Haur hezkuntzatik hasi eta bigarren hezkuntzaraino, gure ikasleek lanketa ezberdinak egiten dituzte Euskal Herri osoan zehar ospatzen diren inauteri ezberdinak gehiago ezagutzeko.

Egutegietan narmenduta daukagun ostegun gizena iritsi aurretik, ikastola girotzen hasiak gara hilabete hasieratik: Kalderero eta inauterietako abestiekin aritzen dira jolasean gure etxeko txikienak sakramentinoetako eraikuntzetan, apaingarriak ere egiten dituzte ikastola atontzeko eta aldi berean, ostegun gizenean ikastolako komunitate osoari eskaintzen diogun ikuskizunerako dantzak entsaiatzeko tartea ere hartzen dute. Irrikaz gaude denok mimo eta ilusio osoz prestaturiko ikuskizuna etxekoei erakusteko. Aurreko egunean, etxetik ekarritako erraldoi eta buhandiekin hasiko dira jai egun berezi eta maitatu hauetan murgiltzen sakramentinoetan. Egun handirako, ostegun gizenerako hain zuzen ere, egitarau zabala izango dute: txorixoa jan, gure Argitxo kuttunaren marrazkiak margotu, Laskotxarangarekin dantza egin eta lehen aipaturiko jaialdiarekin emango diote bukaera goiz motz bezain sutsu honi.

Usabalgo ikasleak ere ez dira atzean geratuko eta egitarau betea dute inauteriei hasiera emateko. Etxetik ekarritako osagarriekin argazki dotoreak aterako dituzte, ondoren denak patioan elkartuko dira pregoia entzun eta suziria botatzeko. Aurten pregoia Mariaje Ibarluzeak jaurtiko du, urteetan zehar Usabalgo eraikuntzan egindako lana eskertu nahi diogu horrela Laskoraingo komunitate osoak. Jarraian, Laskotxarangarekin festan murgilduko dira ikasleak, txorixoarekin hartutako indarrarekin buruhandien aurretik korrika ibili eta euskal dantza ezagun batzuekin goizari bukaera eman aurretik.

Egun seinalatu hauetan oso presente daukagu euskal abestiak gure kulturaren muina direla, eta gure identitatea indartzen dutela. Horregatik, Laskorain Ikastolan, komunitate osoa elkarlanean, hizkuntzaren eta musika ondarearen balioak transmititzen jarraituko dugu, belaunaldi berriek gure errealitatearekin eta historiarekin lotura sendoa izateko. Gure ahotsak eta gure kantuak ezinbesteko tresna dira euskararen eta euskal kulturaren biziraupenerako. Inauteriak garai ezin hobeak dira euskal kulturaren alde egiteko eta gure sustraiak sendotzeko.

GORA INAUTERIAK ETA GORA LASKORAIN IKASTOLA!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!