Euskara putzu sakon eta ilun batetik etorri izan bada ere, guztiok atera dugu gure ur-gazi lagina, eta guztiok bilakatu dugu iturri. Eta orain, itsaso handi eta zabal bat izanen da. Hala ere, itsaso zabal baten parekoa den arren, estatuan ez da oasi txiki bat baino, hura lehortzea kosta behar zaizue, ordea.
Gauza jakina da, azkenaldian, zuzenbideak jorratzen dituen hainbat arlotan euskararentzat oso zuzenak ez diren bideak hartu dituzuela epaitegietan. Dirudienez, ez zaizue asko inporta herri honen ahotsa. Zenbat gara? 3? 4? 6? 7? Bai, 7 gara eta 7ak bat asko gara. Ezin duzue gure oihua isilarazi. Guk hizkuntza propioa dugu, herri honetakoa, benetakoa eta betikoa. Eta hemen bada euskaraz bizi nahi duen herria, eta oztopo guztien gainetik bere hizkuntzaren alde borrokatzeko prest dagoena.
Epaileen artean manifestu hau ulertzeko itzultzailea behar duenik ere egongo da, baita ertzainen artean ere. Gogoan dut isuna euskaraz jartzeko eskatu zuen gizonaren kasua. Euskaraz eskatze hutsagatik isun bikoitza ordaindu behar izan zuen. Eta Osakidetzan ere arreta euskaraz jasotzeko aukerak oso murritzak dira.
Gure hizkuntza historian zehar hainbatetan zapaldu dute. Euskal Herriko eremu batzuetan ofizialtasuna onartu dioten arren, zenbat eremutan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian kasu, oraindik ez da ofiziala, lege babesik ez baitu euskarak. Gainera, ofizial den eremuetan ere, azken urteetan euskararen aurkako oldarraldia gero eta latzagoa da, eta ez du etenik: nola da posible euskara ofiziala eta gehien erabilia den herri batean lanpostu publiko baterako euskara jakin beharrik ez izatea?
Azken urteetan ugaritzen ari dira euskararen biziberritzearen aurkako sententziak epaitegi eta auzitegien bitartez. Legea aplikatzen dutela diote, baina errealitatean euskaldunon aurkako erabakiak dira, euskaraz bizi nahi dugunon aurkako erabakiak dira, euskararen normalizazioaren aurkako erabakiak dira. Sententzia horien bitartez, euskaldunok 2. mailako biztanle gisa tratatzen gaituzte, mespretxuz, zapalduz, eskubideak murriztuz. Eta hori guztia ez da Madrilen ala Parisen pasatzen, ez, Euskal Herrian gertatzen da, euskararen herrian. Gure hizkuntza kendu nahi digute, ez dute lortuko, ordea. Berez etikoki eta moralki perfektua izan beharko lukeen horrek, hau da, justiziak hamaika aldiz faltatu digu errespetua. Nabaria da legeak Gaztelako herrian eginak direla eta herri hartako hizkuntzaren pribilegioak zaintzen dituela, justua ez izanagatik ere.
Ehundaka urteko sokatiran bizi gara, euskararen aurkako edota aldeko sokatiran, erdararen alde ari dira tiraka Frantziar eta Espainiar Estatuak, baita estatuko indar politiko, mediatiko eta judizialak ere. Ikusi besterik ez dago, ertzainen, Osakidetzaren, zaintza arloaren eta beste hainbat eta hainbat baliabide publikoren errealitate soziolinguistikoa. Baina euskararen alde herri bat dago martxan.
Arantzak kendu nahi izan dizkiguzue, eta hegoak ebaki, baina ez duzue txantxangorria harrapatzerik lortu, eta oraindik hegan dirau zazpi haizeetan barna euskara zabalduz. Beraz, argi geratzea nahi dugu que esto no es País Vasco!! This is not Basque Country!! Ce n’est pas le Pays Basque!! Hau Euskal Herria da, euskararen herria, eta gure herriaren hizkuntza eta haren eskubideak aldarrikatzen jarraituko dugu, euskaratik eta euskaraz. Gazteak gara eta etorkizuna daukagu eskuan, eta ez da hilko Euskal Herria gu bizi garen artean.
Segi dezagun iturri zaharreko ur berria edaten. Gora Euskal Herri euskalduna!
Laskoraingo Ikasle Euskaltzaleak