Baina, nola iritsi zen ohitura hura Euskal Herrira? Ustez, herri zeltek ekarri zuten, Araba eta Nafarroa inguruetan finkatu ondoren Gipuzkoa eta Bizkaiko gune garaietako kastroetara joan zirenek.
Horrela bada, kalabaza eta kandelen ohitura zinez amerikartzat jotzen genuen arren, ikerketek diote tradizio hori bazela Euskal Herrian askoz ere lehenagotik. Arbi, kalabaza, kandela eta eskaintzak biltzen zituzten erritu haiek hainbat modutara zabaldu ziren Euskal Herriko herrietan zehar; batzuetan Gau Beltza izena hartu zuten, eta beste batzuetan Arimen Gaua izenarekin egin ziren ezagun.
Bizipenak aldatu egin dira, eta honekin batera, jaiak eta tradizioak. Hauek iraungo badute, gaurkotasunera egokitzen direlako izango da; eta horrela ari da zabaltzen Gau Beltza Euskal Herrian. Berreskurapena baino, ospakizunaren berrinterpretazioa edo birsortzea ari da izaten.
Laskorain ikastolan usadio zahar honek ere badu bere tokia. Gure arbasoek egin ohi zuten antzera, guk ere egun berezi hau ospatzeko tartea hartu dugu, garrantzitsua iruditzen baitzaigu ohitura hauek mantentzea. Heriotza eta arima aintzat hartuta, gure beldur eta kezken kontzientzia hartu eta berauekin nola bizi garen ikusi nahi izan dugu. Aldi berean, euskaldun egiten gaituen beste ezaugarri bat dela deritzogu, urrutitik datozkigun topikoetatik ihes egin eta geureak diren ohiturei indarra emanez. Ezinbestekoa iruditzen zaigu gure ikasleek euskal kulturaren bereizgarri diren jarduera hauek gozamenez bizitzea.
Gure etxeko txikienei Argitxok aurkeztu die egun berezi hau eta oraingoan ikastolako familientzako ere erronka bat ekarri du: Uzturre inguruko basoan bildutako gaztainak pote batean jarri ditu eta familiek zenbat dauden asmatu beharko dute. Horretaz gain, sua piztuko dugu ikasleek beraien beldurrak irudikatzen dituzten marrazki eta ekoizpenak bertara bota ditzaten eta elkarrekin aurre egin diezaioten giro atsegin eta alai batean.
XANDUL, MANDULI, KIKIRIKI, EMAN JATEKOA GURI!
*Gaubeltza.eus webguneko testuan oinarrituta