Ikaslearen ikasketa-prozesuan, ikasle-trukeak bidelagun

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain Ikastola 2020ko urt. 21a, 21:24

Ziur gaude hizkuntzen ikaskuntzari ez ezik, pertsonaren garapenari ere ekarpen handia egiten diotela ikasle-trukeen; horregatik, aurten lautan hartuko dugu parte.

Ikastolako ikasleek hainbat aukera izan ohi dute ikasle-trukeetan parte hartzeko; aurten ere horrelaxe izan da. Truke horien xedea ikasleek hainbat errealitate soziolinguistiko ezagutzea da, baita hizkuntza-esperientziak trukatzea ere. Gainera, gure ustez norbera izaten ikasteko eta elkarbizitzarako oinarrizko konpetentziak lantzeko aukera bikaina dira.

 

Lehen trukea DBHko lehen mailan burutzen da, Kanboko ikastolarekin elkarlanean, eta bertan maila osoak hartzen du parte. Trukeak, hala ere, ez du egun gutxi batzuk bakarrik irauten, bada Euskara arloa uztartzen baita egitasmo honekin.

 

Bigarrena hautazko ikasgaia Frantsesa duten ikasleei eskaintzen zaie, hain zuzen ere, DBH amaieran. Truke hori 2004az geroztik Bretainiako Diwan Ar Releg kolegioarekin egiten dugu, han gaztelera ikasten duten eta gurean frantsesa egiten duten ikasleekin. Parte hartzaileek egoera gutxituan dagoen hizkuntza bat hitz egiten dute; horregatik, aberasgarria izan ohi da bakoitzaren esperientzia ondokoarekin elkarbanatzea; honela konturatzen baitira bretoierak eta euskarak duten egoera desberdinaz.

 

Era berean, ikasleek Batxilerreko 1. mailara iritsitakoan ingelesa praktikatzeko aukera ezin hobea izaten dute, trukea gauzatzen baitugu Hasselteko (Flandria) Humaniora Kindsheid Jesu ikastetxearekin elkarlanean. Erasmus+ proiektutik eratorritako trukea dugu honakoa, eta egonaldiek iraun bitartean, ingelesez mintzatu ohi dira ikasle nahiz irakasleak; dela Euskal Herriko eta Flandriako txokoak ezagutzeko, dela elkarlanean lan akademikoak egin ahal izateko. Kasu horretan ere, flandriarrek eta euskaldunek hizkuntza gutxitua dute euren ama-hizkuntza, eta egoerari hori lanerako probesten da.

 

Bestalde, aurten lehenengoz, Charleville-Mézières-eko bi ikastetxearekin ere trukea egingo dugu. Tolosako Udala 2018ko azaroan senidetu zen hiri horrekin eta hainbat ildo finkatu zituzten etorkizunerako; hezkuntza horietako bat da. Batxilergoan frantsesa egiten duten ikasleek aukera izango dute Ardenetako frantses giroan murgiltzeko Tolosako beste bi ikastetxeetako ikasleekin batera.

 

Ondorioz, esan dezakegu truke horietako bakoitzak ezaugarri propio eta bereizgarriak dituela, baina badituztela hainbat helburu komunean; alde batetik, adin bertsuko beste ikasle batzuekin esperientzia partekatzea eta, bestetik, norbera izaten eta elkarbizitzen ikasteko pausoak ematea. Nolanahi ere, truke horietan guztietan hizkuntzari egiten zaio ekarpena eta, modu horretan, Laskorain Ikastolan ardatz dugun hizkuntz proiektua sendotu egiten dugu, euskaldun eleanitzak hezteko bidean.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!