Txapela eraman dute Ikerrek eta Unaxek hainbat lehiaketatan

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain Ikastola 2019ko mai. 29a, 15:12

DBH 2ko Unax Olano Arozenak eta DBH 4ko Iker Canales Rodríguezek azken aste hauetan lehiaketa banatan hartu dute parte, baita sariak etxera eraman ere!

Unaxek Euskadiko 17. Eduardo Chillida Olinpiada matematikoan hartu zuen parte, maiatzaren 11n, eta 5. geratu da Euskadi mailan. Esan beharrik ez dago biziki poztu gintuela berriak, izan ere, handia egin du Unaxek. Matematikaren ezaguera gizarteratzea helburu du du lehiaketa horrek eta bertan problemak ebatzi behar dituzte ikasleek; sormena, erabakiak hartzeko gaitasuna, pentsaera dibergentea eta egoera berriei aurre egiteko trebezia lantzen dira, ez-ohiko problemak ebazteko ahalmena sustatzeaz gainera.

 

Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan jasoko du saria ekainaren 7an, familiakoak eta bere tutore nahiz matematikako irakaslea ere bertan izango dira. Horrez gain, beka bat emango diote Estatu Batuetara bidaia egiteko.

 

Bestalde, Ikerrek Don Bosco Lanbide Heziketako ikastetxeak antolatzen dituen db Sarien IX. edizioan hartu zuen parte. Diru gutxirekin eta material birziklatua erabiliz garraiobide elektriko bat egitea zen helburua, eta ingurukoei erakustea nolako indarra eta boterea eduki zezakeen.

Ikasle ekintzaileak ohiko bizikleta bat hartu eta elektriko bihurtu zuen: 55 km/h abiadura har dezake pedalei eman gabe! Hori egiteko, 1000 w 48 v brushless motorra, kontroladorea, azeleragailua, bateria birziklatua (18650 zeldak erabiliz) eta kargadorea erabili zituen. Gehigarriak ere txertatu zituen diseinuan, adibidez, urrutiko kontrola eta Bluetooth sistema. Parte hartzeak eskaini zion esperientziaz gainera, epaimahaia liluratu zuen eta hiru sari hauek jaso zituen: proiektON saileko 1.saria,  RPK innova saria eta NBOT TANK.

 

Laskorain Ikastolan biak zoriondu nahi ditu, biek ala biek ederki erakutsi baitute ikastolako ikaslearen profilaren harira landu nahi izaten ditugun ekintzailetasuna eta lanaren balioa. Lanaren ekinaz eta ilusioz, teknologiak zein zientziak izan langai, benetan merezitako aitortza jasotzeko bidean izango dira aurki. Ikastolaren aitortza, berriz, sariaren aurretikoa da; esfortzua, lana eta ekiteari erakutsi dioten grina baitira benetan azpimarratzeko baloreak.

 

Bejondeizuela, Iker eta Unax! Zorionak Laskorain Ikastolaren partetik!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!