CanSat Laskorain Ikastolan

Erabiltzailearen aurpegia Adei Tolosa Alonso, Markel Uralde Alonso, Haizea Mitxelena Luloaga, Ander Martinez De Rituerto Zeberio eta Iker Canales Rodriguez 2019ko ots. 18a, 08:59

Tolosako Laskorain Ikastolako ikasleak gara eta aurtengo CanSat proiektuan parte hartuko dugu. Parte hartuko dugun ikasleok Adei Tolosa, Markel Uralde, Haizea Mitxelena, Ander Martinez de Rituerto eta Iker Canales gara; irakasle, berriz, Ander Lorente arituko da, Laskorain Ikastolako Teknologiako irakaslea, hain zuzen ere.

CanSat jatorri ingelesa duen hitza da. Can hitzak lata esan nahi du; Sat-ek, aldiz, satelitea. Beraz, hitzak lata tamainako satelitea esan nahi du. Aurtengo CanSat-ari ere 6X-SAT izena jarri diogu.

CanSat-ak hainbat arau bete behar ditu: batetik, sateliteak edari lata komertzial baten tamainakoa izan behar du; bestetik, altuera eta presioa kalkulatu behar ditu, derrigorrez. Horrez gain, latak pisu jakina izan behar du eta, bukatzeko, beste eginkizunen bat gehitu behar zaio libreki. Proiektu honetan izena ematera, bereziki, teknologiak guregan sortzen duen erakargarritasunak bultzatu gintuen, eta baita gure teknologiako maila hobetzeko aukerak ere. Horrenbestez, aukera paregabea zela ikusi genuen. Eskolaz kanpoko jarduera honekin, teknologiari buruzko hainbat gauza ikasi dugu, beste hainbaten artean, Arduino izeneko plakak programatzen.

Egitasmoa gauzatzerakoan atzerapenik izan dugu; hala ere, horiei aurre egiten jakin dugu, talde lanari eta norberak jarritako saiakerari esker. Gutako bakoitzak abilezia ezberdinak dituenez, horiez baliatu gara aipaturiko arazoei konponbidea emateko.

Proiektua honetan datza: lata baten tamainako satelitea kilometro bateko altueratik askatu ondoren, hainbat misio betetzean. Satelite horrek bi helburu nagusi bete behar ditu (Europako Espazioko Agentziak ezartzen dituenak). Lehena, lata dagoen tokiko presioa eta tenperatura neurtzea, segundoro. Hori lortzeko, satelitearen barnean dauden sentsore batzuk erabiliko ditugu. Sentsore horiek, satelitetik lurrera, irrati uhin bidez bidaliko dituzte datuak eta, ondoren, jaso egingo ditugu antena baten bidez, lurreko estazioa deritzon tokian.

Bigarren misioa talde bakoitzak libreki aukeratzen du. Guk hainbat azpi-misio egiteko asmoa dugu. Horien artean, satelitearen ibilbidea jakitea, zeina hiru dimentsioko mapa batean irudikatuko dugun. Horrez gain, aireko GLParen (petrolio likidoa) kontzentrazioa kalkulatuko dugu. Hartara, gizaki nahiz animalientzat toxikoa den gas hori , txorientzat kaltegarria zein altueratan den jakingo genuke.

Lehiaketa CANSAT Laskorain Youtubeko kanaletik transmitituko dugu streaming bidez; hau da, lurreko estaziora iristen diren datuak Youtubeko plataformara igoko ditugu zuzenean. Informazio gehiago nahi izanez gero, Instagram (@cansatlaskorain) edo gure sites webgunea bisita ditzakezue; bertan aurkituko dituzue xehetasunak.

CanSat-a lurrera bat-batean eror ez dadin, paraxut bat jarriko diogu. Haize handia badabil, paraxut txikiagoa jarriko dugu, horrela lurrera azkarrago erortzeko. Haize gutxi badabil, paraxut handiagoa egin dugu; hartara, lata ez da ez azkarregi ez polikiegi eroriko. CanSat-aren kanpo-egitura hiru dimentsioko inpresora batek inprimatuko du, sendoagoa izan dadin, eta plakan zirkuitulaburrik egon ez dadin; arestian aipatu bezala, lata baten tamaina izango du. Hiru dimentsiotan inprimatutako latak gure taldeko izena edukiko du.

CanSat-eko bi lehiaketatan

Lehena Euskal Herriko txapelketa izango da. Bertan, Arabako, Bizkaiko, Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat ikastetxeren parte hartzea izango da. Txapelketa martxoaren 16an izango da, Iruñeko auto zirkuituan.

Bigarrena Espainiako Zaragozan izango da, udaberriko oporren amaiera aldera. Txapelketa apirileko azken asteburuan edo maiatzeko lehenengoan izango da.

Aurrez aipatu bezala, informazio guztia gure sare sozialetan izango duzue: Instagramen(@cansatlaskorain) eta Youtuben (CANSAT Laskorain). Lehiaketa horietako batera bertaratzeko interesik duena, jar dadila gurekin harremanetan! Bestalde, jakizue, gure proiektuarekin kolaboraziorik egin dezakeela uste duen edonoren proposamenak gustura entzungo ditugula.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!