Ekialde Hurbila, inoiz baino hurbilago

Erabiltzailearen aurpegia Sara Ubeda, Ane Egues, Aiora Beloki eta Ainhoa Peña 2018ko mai. 2a, 13:36

Karlos Zurutuza: «Tiroketak edo bonbardaketak gerra-iruditzat jotzen ditugu. Maiz, ordea, ahazten zaigu errefuxiatu uholdea, lehergailuek elbarri utzi dituzten umeak edo seme-alabak hilobiratzen dituzten aita-amak ere gerra-irudiak direla».

Siria eta Ekialde Hurbileko gatazkak hizpide ditugunean, bonbardaketak eta kaosa etortzen zaizkigu burura; dena dela, horiek izozmendiaren punta besterik ez dira. Heriotzak, fusilamentuak, heziketa duinaren falta, baliabide urriak, eta beste zenbait sufrikario ere pairatzen baitituzte bertakoek. Era berean, gerraren ondorio dira errefuxiatuak; gurera aukera bila etortzen direnak, nahiz eta ugari bidean geratu. Giza Eskubideen urraketa larri horien aurrean, salatzeko modukoak dira komunikabideek erakusten duten zurikeria, baita manipulazioa eta zentsura ere.

Karlos Zurutuzak (kazetari independentea eta Uzturpe ikastolako irakaslea) gertutik ezagutzen ditu Siria zein Ekialde Hurbileko gatazkak; horregatik, berarekin solasaldia izan dugu, gure kezkak, eta, agian, zuenak argitzeko asmoz.

Nor zara?
Lana bi eremutan banatuta dituen pertsona: irakaskuntzan eta kazetaritzan, hain zuzen ere. Hanka bat Ibarrako Uzturpe ikastolan dut; bestea, aldiz, kazetaritzan. Atzerrian bost urtez erreportari jardun ostean, esango nuke orain bi lanen arteko oreka lortu dudala; honela, urtarriletik ekainera Uzturpen aritzen naiz, eta uztailetik abendura atzerrian. Bi ogibideak elkarren osagarriak direlakoan nago. Izan ere, burutzen dudan lanaren ardatzetako bat da 16 urteko ibartarrei ikusaraztea nolakoa izango litzatekeen euren bizitza Kabulen, Bagdaden edo Tripolin, besteak beste, jaio izan balira.

Nola erabaki zenuen gerra-kazetari izatea?
Gatazka ez ezik, bestelako gaiak ere jorratzen ditut; beraz, ez dut gustuko “gerra-kazetari” etiketa. Galderari helduz, adierazi nahi dut nahigabe hasi nintzela kazetaritzan. Betidanik gustatu zait motxila bizkarrean dudala bidaiatzea. Hasieran bidaia-testuak idazten nituen; berehala, ordea, konturatu nintzen askoz garrantzitsuagoa zela herrialde haietako herritarren bizipenak kontatzea, nireak baino. Ene begiek ikusten zuten txirotasuna, gatazkak eta, funtsean, bizi baldintza txarrak ikusita azalkeria iruditzen zitzaidan nirea azaltzea.

Zerk bultzatzen zaitu urtero hara joatera?
Behin erreportaritzan hasita zaila da hura uztea. Hainbatetan saiatu naiz aldentzen; sarritan, esango nuke, baina ezin. Duela 15 urte hasi nintzen mundu honetan, urte hauetan guztietan jende anitz ezagutu dut. Egun lagun minak ditut Libian, Sirian, Iraken… Haiek berriz ikustea bueltatzeko aitzakia ederra da.

Nola sentitu zinen lehenengo aldiz gerra-egoera hori bizitzean? Egoera hura ekidin zitekeen?
Tiroketak edo bonbardaketak gerra-iruditzat jotzen ditugu. Maiz, ordea, ahazten zaigu errefuxiatu uholdea, lehergailuek elbarri utzi dituzten umeak edo seme-alabak hilobiratzen dituzten aita-amak ere gerra-irudiak direla. Zaila da bereiztea gerra zer den eta, batez ere, noiz bukatzen den. “Gerraoste”az hitz egiten da sarritan, baina, askotan, gerrak bere horretan darrai. Edonola, ez dago Ekialde Hurbilera zertan joan gerra irudiak ikusteko. Inguruan ditugu afrikar etorkinak; askok bizitza arriskuan jarri dute jaioterria atzean utziz eta Mediterraneoa zeharkatuz… Haiei galdetuz gero, gerra-istorio bat kontatuko dizute. Hura ere gerra-irudia da.

Zer deritzozu kazetaritza-munduan informazioa ezkutatzeari eta manipulatzeari?
Informazioa ezkutatzea, aldatzea, albiste faltsuak sortzea… Agian, horregatik, esan ohi da egia dela gerren lehenengo biktima. Bestelako ikuspuntuak ezagutzeko, sare sozialak oso lagungarriak izan arren, zaila da, oso, informazio fluxua filtratzea modu kritikoan. Adi egon beharra dago beti. Horretarako etengabe galdetu behar diozu zeure buruari iturria zein den, baita zein den albistearen testuingurua ere.

Inoiz ikusi duzu gerrako erreportajerik manipulatuta?
Sarritan, etengabe. Gerraren propaganda hainbat modutan egin daiteke. Gehienetan propio egiten da; dena dela, tristea izan arren, batzuek nahigabe ere egiten dute. Kazetariok inertzia gaiztoetan erortzen gara askotan. Konturatzerako, ordea, berandu izaten da, kaltea egina egoten baita.

Momentu honetan Ekialde Hurbileko gatazkak zein egoeratan daude?
Zenbaitek dio Ekialde Hurbileko gatazka Hirugarren Mundu Gerraren pasartea baino ez dela. Ni, neurri handi batean, ados nago hori baieztatzen dutenekin. Munduko potentzia nagusiek eskua sartuta dute eskualdean: Errusiak, AEBak, Erresuma Batuak, Frantziak, bai eta Saudi Arabiak, Qatarrek, Iranek… Hauek guztiak mahai batean eseri eta akordiorik lortu ezean, nekez bukatuko dira hango gatazkak.

Konta iezaguzu benetan markatu zaituen egoeraren bat, hau da, zuregan eragina izan duen bizipenen bat.
Asko izan dira, baina iruditzen zait pasarte gogorren kateatzea edo segida dela okerrena, lazgarriena. Abentura kutsu hori dela eta, ofizio hau asko idealizatu da. Atzera begira konturatu naiz denbora gehiena eserita eman dudala, norbaitekin hizketan. Testigantza gogor horiek elkarren atzetik jasotzen dira grabagailuan nahiz libretan, ondoren hori prozesatu egin behar da. Gogorrena ez da gorpuak ikustea; gogorrena haren seme-alabak alboan ikustea da. Hildakoek ez, bizirik daudenek kentzen dizute loa.

Sara Ubeda, Ane Egues, Aiora Beloki eta Ainhoa Peña

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!