Txinpantzearen irribarreaz esan diozu kaixo saltzaileari, lehor agurtu zaitu berak, maskara irribarretsuarekin jarraitzea erabaki duzu, betiko lez.
Hasi zara dendako pertxa guztiak miatzen, triangelu formako bikiniak, kolore eta mota guztietakoak, baina buruan zenuen eredu perfektua ez duzu aurkitzen, banan bana guztiak probatu ostean, dendako mostradore gainean utzi dituzu, begirada lotsati batez abitu zara bertatik, saltzaileari aio esanez.
Kaleak atzoko moduan dirau, erdi biluzik, ostiral goizetan egon ohi den modura, bart arratsaldeko pintxo poteko zaporea lurrindua da honez gero. San Frantziskoko iturri batean freskatu (beroa arindu nahian) eta alboko banku batean jazarri zara, ohartu zara, katamaloa ez duzula erantzi. Benetan? izerdi patsetan, desira zenuen bikinirik gabe, hogei eta zortzi graduak termometroan gudan eta zu txinpantze domestikoaren irribarrea kolkoan? Ez dago horren beharrik, «mekauen dios» bat izozki bana eskuan hartuta pozik egongo zinateke. Bankuan eserita jarraitzen duzu, pentsakor, katamaloaren inguruan. Mugikorra atera eta googlek nola definituko lukeen «katamalo» hitza irakurtzeari ekin diozu: Katamaloa esaten diogu euskaldunok gure aurpegia beste bat bihurtzeko erabiltzen dugunari. Ez garena azaldu beharraz, itxurakeriaz, hipokrisiaz, sakon maitatzeko beldurraz, zoriontsuak izan ezinaz, lotsaz, harrokeriaz, benetan garena onartu nahi eza.
Besteen aurrean, esker onekoak eta alaiak izan behar garela barneratuegia duzun araua dela konturatu zara, haserre egon arren, katamaloaz irteten zarela etxetik. Ohitu zara haren atzean ezkutatzera, biluzi behar ez izatera, baina gaur bada ere, katamalo izerditua erantzi nahi duzu, masailak deskantsatu eta txinpantzeak hortzak zikindu ditzan. Zeure mundu pentsakorretik salto batez lurreratu zara betiko mundura, San Frantziskoko bankura.
Hara non eseri den orkatiletara iristen ez zaizun chihuahuaren jabea zure ondoan, errespetuz begiratu diozu txakurrari, hark zaunkaka usaintzen zaituen bitartean. «Tranquila, no hace nada» bota dizu jabeak, zuk, beroaren beroaz txinpantzearen irribarrea seko urtuta erantzun diozu, «Pues si, MOLESTA!». Aspaldian sentitzen ez zenuen lasaituaz altxa zara bertatik, katamaloa eranzteak on egin dizula sinistuta, «egun polita» pentsatu duzu zeure baitan, kanpotik mundua estintore batekin hondoratuko zenuela zirudien arren.