Erakutsiz ikasi

«Zergatik ospatzen da emakumeen eguna eta ez gizonezkoena?»

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain Ikastola 2017ko mar. 6a, 08:26

Martxoa heldu da, eta horrekin batera emakumeon nazioarteko eguna. Egun honen aitzakiarekin, emakumeon aldeko ekintza mordo bat ospatzen da. More kolorea ikus daiteke kalean, emakumea denon ahotan dago.

Emakumeok esfera publikoa gugan hartzen dugu. Egun honetan, norbaiten urtebetetzea denean bezala, gu gara protagonistak. Emakumeak garela ospatu dezakegu.

Baina gutxi batzuk beti edukiko dute inbidia. Gizonezko batzuk erasotuak sentitzen dira egun batez bizitza guztian zehar eduki duten protagonismoa galtzen badute. Egun bakar batez, emakumea baina «gutxiago» sentitzen badira. Pertsona gutxi hauek, galdera hau egiten digute mespretxuz: «Zergatik ospatzen da emakumeen eguna eta ez gizonezkoena?» Eta badakite erantzuna. Badakite Espainian zortzi orduero emakume bat bortxatzen dutela; badakite, bataz beste, emakumeek gizonezkoek baino %18 gutxiagoko soldata irabazten dutela; badakite emakumea gure gizarte «aurreratuan» zapalduta dagoela. Baina berdin zaie.

Egun hau emakumeen eskubideen aldeko borrokan sortu zen orain dela 105 urte. 1911en sortu zen, hain zuzen; eta orain, 105 urte aurrerago, egoera ez da guztiz konpondu. Egia da, aurrerapen handiak egin direla, baina oraindik bide luzea dugu aurretik. Eta pertsona guztiak berdinak garen urtean; jaiotzean hanken artean duzunaren arabera inork zure etorkizuna erabakiko ez duen urtean, martxoak 8a egun normal bat izatera itzuliko da. Urte hori heltzen denean, ez dugu emakumeon eguna ospatu beharko. Orduan, gaur egun emakumeok jasan dugun zapalkuntza historiako klaseetan ikasiko dute, eta guk gerra ezberdinen inguruan ikasten dugunean bezala, haiek ere harri eta zur geratuko dira gizakiak egin ditzakeen bidegabekeriekin.

Horregatik, urte hori heldu bitartean, berdintasunaren aldeko borrokan aurrera jarraitu behar dugu. Ospatu egin behar dugu emakumeak garela, egunero borrokatu behar dugu berdintasunaren alde, baina martxoaren 8an egindako lan guztia azpimarratu behar dugu; egun berezi honetan, berdintasunaz gain, protagonismoa ere nahi dugu.

 

Malentxo Zeberio Larraza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!