Nik, 16 urte nituela esan nion, eta gaztea, esandakoa baieztatzera joan zen. Nik, gezurra esan bezain laster, akatsaz jabetu nintzen, eta bere zain gelditu nintzen urduri. Nigana zetorrelarik, zer erantzun eta nola pentsatzen jarri nuen burua. Bere hitzek ordea, erabat lekuz kanpo utzi ninduten. Tonu indartsu batean, bertako ordenagailuan fitxatuta ez nengoela eta, bidezkoa ez zen modu batean sartu nintzela zioen. Nire egia ziurtatzeko, bazkide-txartela erakutsi nion, eta egia zela harrituta, berriro joan zen nire adina baieztatzera. Oraingoan ordea, jabetu zen nire adina 16 urtetik beherakoa zela, eta gezurra esan niola. Berriro harrapatuko banindu, kiroldegiko txartela kendu eta bertatik botako ninduela esan zidan. Akatsaz jabetuta, barkamena eskatu nion, eta ez nintzen justifikatzen saiatu, izan ere, behin gezurra esanda, ez nuen horretan jarraitu nahi. Azkenik, txartela itzuli eta aldageletara sartu nintzen, gertatu zenaren inguruan pentsakor.
Gazteok, gizartearen ikuspuntu positibo batetik, ezin hobeto gaude ikusita, gizartearen etorkizun on bat garela, gauzak aldatuko ditugula eta honen antzeko beste hainbat gauza entzuten ditugu. Baina gero, errealitatean, beti heldutasunaren azpitik gaude, erakutsi beharko genukeen heldutasuna ez omen dugu erakusten edo. Nik ordea, argi daukat gazteok nahi dugunean, eduki beharreko heldutasuna emateko gai garela. Esaterako, ikasturte amaierako bidaia antolatzen, umeen entrenamenduetan begirale gisa edo inauterietan edo bestelako festetan modu on batean inplikatzen, (aisialdi-taldeetan laguntzen, txarangetan…) esku bat botatzeko prest egoten gara beti.
Egunerokoan ordea, estereotipo zabal batzuen erruz, errebelde eta bihurri gisa gaude ikusita gizartean. Honek momentu askotan, ez dizkigu merezi ditugun errespetua eta eskubideak ematen, eta ahoa ixtera eta bestearen arrazoia onartzera behartzen gaituzte. Akaso zer axola zitzaion sorosle hari ni bertan egotea? Hilabete batzuengatik soilik ez nuen legezko bertan egotea, eta are eta okerragoa, nirekin eduki zuen portaera zakar hura zilegi al zen?
Neu ere pertsona naiz, gaztea noski, baina beste edonork duen errespetu berbera merezi dudala uste dut. Zuek ez al zinaten gazteak izan ba?
Xabat Iruin Luluaga DBH 4
Landa eremutik...
Geroz eta gutxiago gara herri txikietan edota baserrian bizi garenak. Orain dela denbora asko hasi zen jendea herri txikietatik hirietara mugitzen. Ez da urte gutxiren kontua, izan ere, naturan ia gauza guztiekin gertatzen den bezala, gizakiak eboluzio bat jasan du. Kobazuloetan bizi zen izakia belaze lauetara mugitu eta han eraikitzen hasi zen. Ondoren, herrixkak sortu ziren eta biztanleriak abeltzaintza eta baratzetatik atera zuen bizibidea. Baina iraultza industriala etortzearekin batera, hiriak sortu ziren. Bertan lanpostu ugari zegoen eta inguruetako pertsonak horra joan ziren bizitzera.
Horrela gaur egun arte. Espainiako biztanleriaren %90a baino gehiago da hirietan bizi dena. Euskal Herrian datu hau berdinduagoa da; %68koa. Hirien aldeko apustua egin dute euskaldun gehienek ere azken urteotan. Gure Euskal Herri berde kuttuna, industrialde erraldoi bat bilakatzen ari gara. Oraindik ere baserriko lasaitasunean bizi garen euskaldun asko bagara, honen abantaila ugariez gozatzen, baina euskaldun bizitza galtzen ari gara, mendietako bizitza, gure arbasoen bizitza.
Hirietatik urrun, lasaitasuna da nagusi; ardiak belazeak zaintzen, zuhaitzak mendixkak biziz betetzen, baita txori ugariak isiltasun aberasgarri hori kantuz gainjartzen ere. Mundu honetan, honek guztiak, gauza guztiek bezala, badu bere alde ez hain ona ere; esaterako supermerkatura joateko autoan gutxienez hamar minutu egin behar da, edo ikastolara joateko edo zinemara joateko… Horrek ez du kentzen kalean bizitzeak alde txarrik ez duenik, askoz ere gehiago baititu: isiltasun eza, autoen kutsadura, sekulako jendetza eta zikinkeria kaleetan…
Ni neu, Elduainen bizi naiz, jendetzatik urrun. Denbora librean naturaren lasaitasunean ibilaldiak egiten ditut, nahiz menditik edo larreetatik, baratzean laguntzen diot aitari edo aitonari, txakurrekin buelta bat ematen dut... Ez nuke ezergatik aldatuko baserriko bizitza.
Berreskura dezagun, beraz, denon artean, belaunaldi berriok, gure arbasoen bizitza eta goza ditzagun zelai, baso eta mendien abantailak eta desabantailak onartuz eta naturarekin armonian biziz!
Urtzi Olazabal Saizar DBH 4