Urteko sasoi honetan, Laskorain ikastolako hezkuntza komunitateak, gure inguruko eta kanpoko giza beharrez jabetu, kontzientzia zabaldu eta neurri batean ekonomikoki laguntzeko asmoz, han eta hemen bildutako jantziak, tresnak, altzariak e.a. Merkatu Txikian salgai jartzeko ohitura du. Aurtengoa hemeretzigarren aldia izango da.
Merkatu Txikia, ikasleekin elkartasunaren balorea lantzeko ekimenetako bat da. Gure gazteak baloretan hezteak inguruan ditugun arazo sozialak gelara hurbiltzea eskatzen digu. Gazte hauek izango dira ondorengo urteetan gizartearen norabidearen nondik norakoa marraztuko dutenak eta horretarako beraien heziketa prozesuan errealitatearen ikuspegi gizatiarra eta soziala barneratzea garrantzizkoa da. “Laguntza bat, Irrifar bat” lelopean landuko ditugun gaien bitartez Laskorain ikastolako hezkuntza komunitatea osatzen dugunok, gure ikasleen balioak, jarrerak, emozioak eta portaerak poliki-poliki hobera aldatzeko asmoz, “norbera izaten ikasi” eta “elkarrekin bizitzen ikasi” konpetentziekin loturiko balio hauek landuko ditugu: errespetua gauzei, pertsonei eta ideiei; norbanakoaren eta gizartearen giza eskubideak; gatazkak era baketsuan konpontzeko elkarrizketa; esku-hartzea ez ezik, gizarte justuago, berdinago eta solidarioagoa eraikitzeko elkarren arteko ardura eta konpromisoa. Are gehiago gaur egun bizi dugun krisi egoeran.
Aurten Merkatu txikian ateratzen den diruarekin bi proiektuen jarraipena bultzatu nahi dugu: Ibarratik Misio Taldea eta Tolosaldea Sahararekin gobernuz kanpoko erakundeek aurkeztutakoak.
Alde batetik “Ibarrako misio taldeak” aurkeztuta, India ipar-ekialdeko Arunachal Pradesh estatuan dagoen Bordumsa herriko aborigenen osasuna hobetzera bidaeratuta dagoen proiektua dugu. Bertako helburua da inguruko herrixketako biztanleentzat osasun zerbitzu oparoa eskaintzea erakiko den kontsultategi berriaren bidez, eta bide batez, osasun, higiene eta elikadura ohiturak irakastea.
Bestetik “Tolosaldea Sahararekin” elkarteak aurkeztuta, Mendebaldeko Saharar lurralde askeko Midyick herrian azpiegiturak eraikitzeko egitasmoarekin jarraituz, osasun arazoak artatzeko beharrezkoa dute anbulategia. Midyick beste herrietatik oso urrun dagoen herria da. Dagoeneko martxan da lehen hezkuntzako ikastetxea, jangela eta guzti; gaur egun 44 ikasle ditu.
Orain berriz, anbulategia eraikitzeko laguntza behar dute, beraz Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideekin batera arituko da lanean Laskorain Ikastola egitasmo honen alde.
Merkatu Txikian soberan gelditzen dena, Saharara eta Emausera bideratuko dugu. Hortaz gain, aurreko urteetan bezala, aurten ere, Emaus erakundearen parte-hartzeari esker, altzariak, armairuak, sofak eta bestelako altzariak biltzeko aukera ere badugu. Beraz, kanpainak irauten duen bitartean inork bere altzariak kentzeko asmorik balu, Emaus fundazioak jasoko lituzke, ondoren konpondu eta berriro salgai jartzeko. Hona deitzeko 943-459874 telefono zenbakia erabil dezakezue.
Asmo hauek guziak bideratzeko, aurreko urteetan bezala etxe, denda, lantoki, finantza erakunde eta gainerako elkarteetara ate joka inguratuko gara Merkatu Txikian salgai jarriko ditugun tresna, jostailu, jantziak, liburuak, dirua eta bestelako laguntza jasotzera.
MERKATU TXIKIA abenduaren 26tik urtarrilaren 7ra bitarte zabalik izango da Tolosako Kultur etxean goizez 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara. Bitartean edonork parte har dezake baliagarriak ez zaizkion gauzak eskainiz.
Material bilketa Laskorain ikastolan, prestatze egunean abenduaren 23an Kultur Etxean edo salmenta egunetan zuzenean bertara eramanez egingo da.
Aurreko urteetan tolosarrengandik jaso dugun laguntza, eskuzabaltasuna eta esker ona, aurten ere emango delakoan gaude. Horretarako tolosar orori eta bereziki dendariei, tabernariei, finantza erakundeei, “Laguntza bat, irrifar bat” leloarekin bat eginez elkartasunerako deia luzatzen diegu, borondate ona eskain dezaten. Gurekin harremanetan jartzeko telefono zenbakiak 943-674428/943-697122 dira.
LASKORAIN IKASTOLAKO MERKATU TXIKIA BATZORDEA