Bretoiak Laskorain Ikastolan

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain Ikastola 2014ko urr. 13a, 12:21

Laskorain Ikastolako DBHko ikasleak Bresteko ikastetxe batekin trukea burutzen ari dira

Azken urteetan bezala, aurten ere Laskorain Ikastolako DBHko ikasleak Bresteko Diwan-Lereleg ikastetxearekin trukea burutzen ari dira. Proiektu honen helburua hizkuntza bera lantzeaz gain, kultura eta ohitura desberdinak ezagutzea da. Horretarako, egonaldia familietan gauzatzea aukera aparta bihurtzen da, eta, aldi berean, jatorrizko hizkuntza minorizatua duten bi herri izanik, euren arteko elkarbizitza sustatzeaz gainera, hizkuntzaren berreskuratze prozesuan ematen ari diren urratsak partekatzeko parada ematen da.

Aurreko urteetan bezala, Batxilergoko ikasleek, aurten ere, ahalegin berezia egingo dute adierazten azken 30 urte hauetan euskararen berreskuratze prozesuan mugarri izan diren urratsak zein izan diren, gazte bretoiek euren herrian hizkuntzaren aldeko jarrera positiboak aktibatzeko ekimenetan eragile sutsu izan daitezen eta, aldi berean, bretoieraren normalizazioan urrats esanguratsuak eman daitezen. Izan ere, badakigu jakin, hizkuntzen berreskuratze prozesuetan, hiztunen elkar hartzea eta erabiltzaile aktibo bihurtzea ezinbesteko dela.

Hizkuntzari dagokionez, Diwan eskolak euren lanean erakusten duten kalitatearengatik ez ezik, klaseak bretoieraz ematen dituztelako ere badira ezagunak eta beraien ibilbideak ikastolen historiarekin antzekotasun handia du. Laskorain Ikastolarekin trukean ari den Brest-eko eskolak, bere inguruan bretoieraz erakusten duen Bigarren Hezkuntzako eskola bakarra denez, inguruko ikasleak hartzen ditu.

Oso baldintza ezkorretan ari dira hizkuntza garatzeko lanean: familietan ez da gurasoengandik seme-alabengana hizkuntza transmisiorik eman, baliabide gutxi dute euren hizkuntzan eta bertako gehiengoak gutxiagotasun konplexua oso barneratua du hizkuntzarekiko. Ondorioz, ez du sinesten bretoierak frantsesak edo beste edozein hizkuntzak komunikatzeko duen adinako baliorik izan dezakeenik.

Hala ere, ilusio handiz eta itxaropentsu daude, burutzen ari diren lanak hainbat aurrerapauso ekarri dituelako. Diwan eskola hauek, bestalde, onespen handia dute, bai pedagogia mailako esperientzia berriengatik baita eskuratzen dituzten emaitza akademiko onengatik ere.

Larunbatetik bretoiak gure artean ditugu, eta astebetez ibiliko dira Tolosa, inguruak eta Euskal Herriko beste zenbait txoko ezagutzen. Gu, berriz, udaberri aldera joango gara Bretainara, hango bazterrez gozatzera. Aurten ere esperientzia paregabea izango delakoan gaude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!