Merkatu Txikiaren antolatzaileen eskerra

Erabiltzailearen aurpegia Laskorain Ikastola 2014ko urtarrilaren 23a

Merkatu Txikiaren antolatzaileen eskerra

Laskorain ikastolak antolatu eta, Ibarrako Misio Taldea, Tolosaldea Sahararekin Elkartea eta Tolosako Udalaren laguntzarekin burutu dugun Gabonetako Merkatu Txikiaren balorazioa egiterakoan, aurten ere erantzun bikaina jaso dugula nabarmendu beharrean gaude. Bertan salgai egon diren jantziak, jostailuak, tresnak e.a. ikastolako familien, Tolosako dendarien eta gainerako herritarren eskuzabaltasunari esker izan dira. Egitasmo honek urtez urte partaidetza aldetik jasotzen duen erantzuna areagotzen ari dela azpimarragarria iruditzen zaigu. Beraz, gure esker ona modu batean zein bestean ekimen honetan parte hartu duzuen guztioi.

Aurtengo ekitaldiko parte hartzea, urtero bezala,  zabala izan da, hona datu batzuk: guztira 97 dendarik eta erakundek hartu dute parte; antolaketan nahiz salmenta txandatan arduradun eta laguntzaile gisa, hamaika egunetan zehar, 206 guraso, irakasle, ikasle (DBH 3-4 eta Batxilergo 1 -2) eta ikasle ohi aritu dira laguntzen. Herritarren partaidetza berriz zenbatezina da.

Helburu nagusiena ekonomikoa ez bazen ere, oso erantzun ona izan du aurtengo edizioak; krisiaren eragina nabaritu den arren,  15.800 € lortu ditugu.  Saldu gabe gelditu den guztia Emaus Fundazioak jaso du; diru laguntza berriz  “Ibarratik misio taldea” eta  “Tolosaldea Sahararekin” taldeen esku geratu da, Hondurasen (Teguzigalpa-Suyapa) eta Saharan (Midyik) dituzten egitasmoetan orain arteko lana eginez jarrai dezaten.

Honegatik guztiagatik, Tolosako herriari, zuzenean edo zeharka parte hartu duzuen guztioi,  eskerrak berriz ere.

 
 

LASKORAIN IKASTOLAKO MERKATU TXIKIA BATZORDEA

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!