Beste behin ere joan zaigu Maiatzaren lehena Tolosan. Nire kasuan sentsazio gazi-gozoarekin, eta hau izan da artikulu hau atera eta iritzi eta informazio uholde honetan nere tanta botatzera eraman nauen arrazoia.
129 urte pasa dira Maiatzak 1 , Langileen nazioarteko egun gisa izandetu zenetik, ordutik hona milaka gertakari, esperientzia eta borroka eman dira 2018ra iritsi arte. Borroka horietan murgildurik jarraitzen dugu; esplotatzaile eta esplotatuarenean, zapaldu eta zapaltzailearenean; hau da, klase borrokan. Altsasuko gazteen epaiketa, “La Manada”deituriko bortxatzaileen kasua, Tolosaldea buseko langileen borroka, Asuncion klinikakoena, pentsionistena etab luze bat dira horren adierazle garbiak. Hala ere, ez nator egunerokoan ikusi eta bizitzen dugun hori hitzen bitartez errepikatzera, baizik eta hau iraultzeko beharra azpimarratzea da nere asmoa.
Gizarte kapitalistan boterea burgesiak du eta botere honetan oinarritzen da gizartearen antolaketa. Ekoizpen bitartekoen jabe diren heinean langile klaseko kideok soldatapeko lanera (gure lan indarra saltzera) kondenatuak gaude, honela burgesia aberastasun sozial guztiaren jabe egiten da. Harreman esplotatzaile honetan sostengatuko den eta hau erreproduzitzea helburu izango duen gizarte da gizarte kapitalista, eta ondorioz, bere egitura politiko,sozial zein ekonomikoak. Testu honetan ez dut harreman kapitalisten azterketan sakontzeko nahia (hurrengo batean behar bada) baina azpimarratu nahiko nukeena zera da, egun azaltzen zaizkigun zapalkuntza, esplotazio zein gatazkak gizarte kapitalistan bizitzen ditugun heinean burgesiaren boterearen mesedetara dauden tresnak direla eta ondorioz, langile klaseko kideok pairatzen ditugula.
Hemendik bi ondorio plazaratu nahiko nituzke:
1. Zapalkuntza espresio ezberdinen erroa burgesiaren boterean eta bere gizartean baldin badago eta langile klaseak pairatzen baditugu, gatazka ezberdinak (gorago aipaturikoak adibidez) isolatuki beharrean osotasun baten baitan hartu eta antolatzen hasteko beharra dugula. Hau da, langile klaseko kideok , klase gisara, kolektiboki zapalkuntza konkretu horiei aurre egin zein gizarte kapitalista iraultzeko erronkari ekitea.
2. Gizarte kapitalista klase banaketa eta esplotazioan oinarritzen den heinean ezingo dugula honen barruan gure dominazioa bermatzen duten egoera horiek gainditu. Beraz, erreformismoan erori beharrean, kapitalismoa suntsitu eta klaserik gabeko gizarte bat eraikitzeak izan behar duela oinarrizko helburua.
Dirudienez gaur egun euskal herrian eta konkretuki tolosaldean, ez gara gai zapalduon borroka prespektiba honetan garatzeko (borroka ezberdinen banaketa eta erreformen aldeko hautua soilik hartu ohi da, errotikako aldaketa saihestuz), garaipen errealak lortzeko gabezi handiarekin aurkituz, eta horrela gure bizitzako esparru guztietan geroz eta miseria handiagora eramanez . Hala ere, nere ohiua ez da etsipen ohiu bat izango,baizik eta borrokarako ohiu bat. Jakin badakidalako kapitalismoak gure bizitzako esfera guztiak merkantilizatu dituen eta etengabeko krisian aurkitzen den egoera honetan lehen aipaturiko bi puntuekin loturiko giza harremanak garatzen hastea dela gure emantzipazio totala lortzera biderako erronka nagusia eta aukerak anitzak direla.
Giza harreman kapitalistak burgesiaren boterea bermatzen badute honi kontrajarriko zaizkien harreman eta botere propioak eraikitzen hastean dago gakoa, hau da, langile boterea eraikitzean.
Zapalduon boterea kapitalismo ukatuko duen ezaugarri zein logika baten baitan garatu beharko dela ere ahaztu ezin den elementua da (elkartasun antolatuan, balioaren logikatik kanpo, independentzia politikoaren bitartez, autodefentsaren bitartez, autogestioan etab.). Baina nahiago dut aurrerago Atarian zein eskualdeko dinamiketan gai hau sakontzen joan, berez edukiko dugu aukera iraultza sozialaren erronken inguruan gogoetan jarraitzeko.
Klase borrokari eusteko deia egin nahi dut, hau da, historia aldatzeko hautua hartu behar dugula ezinbestean . Horretarako, botariko bi puntu horietan sakondu eta praktikan jartzeko deia egiten dut eta aldi berean horretan ari direnei animo iraultzaileak eta jarrai dezatela aurrera, gure bizitzak eta emantzipazioa jokoan baitaude.
Klase borrokak bizirik dirauelako, GORA LANGILEON BORROKA!!