Iraultza sozialaren definizio bat indarrean dagoen egitura sozial eta politiko hegemoniko bat iraultzea baldin bada, gure artean gertatu den errotikako iraulketak izen bakarra du, inondik ere: sekularizazioa. Herri fededun katolikorik baldin bazen munduan, Euskal Herria zen. Euskalduna fededuna zen oroz gain. Baita abertzaletasunaren lehendabiziko identitate sisteman ere: aberriaren gainetik zegoen Jainkoa.
«Herri fededun katolikorik baldin bazen munduan, Euskal Herria zen»
Beste gauza batzuetan buru-belarri genbiltzan bitartean, oharkabean iraungi dira euskaldunon erlijio sinesmen eta mundu-ikuskerak.
1960 aldera Euskal Herrian bizimodu tradizionalaren berme ziren baldintza materialak eta kulturalak eraldatzen hasten dira orotariko kausak tarteko. Besteak beste, era askotako ideologia laiko eta kosmobisio sekularrak hasten dira loratzen. Modernizazioa zenbat eta aurreratuagoa, orduan eta sekularizazio handiagoa; horra hor gai honetan premisa gisa onartua izan den tesia. Nolanahi ere, besteak beste, industrializazioaren ondorioz etorri zen sekularizazioaren olatua ez zen gurera iritsi joan den mendeko bigarren erdira arte, euskal gizarte tradizionalaren historia eta inertzia medio
Harrigarria izan da, harrigarria izan denez, hain denbora-tarte laburrean Euskal Herrian gertatu den erlijio kinkaren fenomenoa. Euskaldunon giza nortasunak ezinbesteko zuen identitate jainkotiarra hein handi batean errotik erauzi du sekularizazioaren oldeak. Euskal gizarte tradizionalaren oinarrizko erreferente moral eta existentzial hegemoniko batzuk irauli egin dira. Lekutan dago euskaldun fededunaren binomioari zegokion Euskal Herria. Giza existentziaren azalpenak izkribu santuetan oinarritzetik kultura sekular mundutarraren kategorietan oinarritzera igaro da euskaldun gehienen iruditeria.
Sakontasun horretako lurrikara kognitibo kulturalak eta filosofikoak ez dira nolanahi eta noiznahi gertatzen. Gizartearen egitura sozial eta kulturaletan aldaketa handiak gertatu ezean, bizitza sozialaren arauak eta portaerak ez dira errotik aldatzen horren azkar. Mugarri historiko adierazgarri bat bizitzea egokitu zaigu, baina, esandakoa, ez dirudi daukan garrantzia aitortu diogunik. Erlijioaren auzia, besteak betse, aihergatasunak «gainditu» duela dirudi.
Marxismoaren jiran eratutako ideologia sekular batek ordezkatu zuen gure belaunaldiko gazte askoren pentsaera filosofikoa. Xabier Letek zioen bezala, asko zuen berotik gure hautu ideologiko gordinak eta gutxi heldutasunetik. Orduko gure ziurtasun dogmatikoaren argitan erlijio sinesmena alienazio historiko baten ondorio hutsa zen; aldiz, klase borrokan ardazten zen filosofia materialistari zientziaren kategoria aitortu genion.
Fededunak badu zer ikasia fedegabearengandik; eta, alderantziz, beste horrenbeste. Oraindik badago zer pentsatua fenomeno erlijiosoaren gainean. Horretarako gogorik ez duenak, berriz, giza existentziaren historian gertatu den fenomeno kultural eta sozialik handienetako bati muzin egiten dio, tamalez.