Aizkora, zalantzaz beterik

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2020ko eka. 3a, 19:58

Aizkorak ere ez du bizi egoera samurrik egunotan. Jon Irazu aizkolari zizurkildarrak horrela konfirmatu digu Ataria Irratiko Desafioa herri kirol saioan: «Aizkora, beste kirol guztiak bezala, nahiko ilun dago. Herriko festa guztiak-eta bertan behera geratu dira. Hortxe ikusten genituen lau sosa gastuei aurre egiteko, herri kirol erakustaldiak-eta eginez, eta momentuz ez da ezer izango, eta ez dakit zer gertatuko den».

Gipuzkoako bigarren mailan dago Irazu, eta federaziotik azaldu diotenez, bigarren mailako txapelketa ez da egingo. Maiatzean izan ohi dira kanporaketak, eta ekaina bukaeran edo uztaila hasieran izaten da finala. Izan ere, txapelketak egiteko herriko festetako babesa bilatzen da, eta horrelakorik ez dagoenez, bertan behera geratu da. Usurbilgo festetan izan ohi da azken urteotan txapelketa hori. Lehen mailakoa, berriz, Mendaron egin ohi da, baina hori ere bertan behera geratu da.

Aizkolarientzat herriko festek bere garrantzia izaten dute. «Esan daiteke herri askotan izaten dela herri kirol emanaldi bat. Entrenatzeko aitzakia izaten da, baita aurkariekin konparatzekoa ere; gauza askotarako balio izaten du, eta aurten hori ere ez da izango. Aizkorarako ilusiorik gabe gaude», esan du Irazuk. Aizkoran aritzeak gastu handia du, eta herri eta auzoko festei esker, maila mantentzeko aukera gehiago ditu, gero maila hori txapelketetan erakusteko.

Euskadiko Federazioari dagokionez, ez dutela oraindik ezer garbi dio Irazuk. «Txapelketek gastu handia dute, egurrak asko kostatzen dira, eta aurrera ateratzeko lagungarria izaten da udalek ematen duten laguntza. Eta Euskadikotik esan zuten ez zekitela ezer. Gu ere hortxe gaude, ez dakigula dena emanda entrenatzen hasi edo zer egin behar dugun. Txapelketa jokatzeko egurra eta aizkora erostean, hiru-lau mila euro joateko ez da ezer ere behar». Ez badute entrenatzen eta gero txapelketa antolatzen bada, mailarik ez du izango aizkolariak. Baina entrenatzen badu dena emanda, eta gero txapelketarik ez bada, galerak pilatuko ditu.

OFIZIO HANDIKO KIROLA

Gastu handia eskatzeaz gain, aizkorak prestatze lan handia eskatzen du, ofizio handiko kirola da. «Pilotari bat geldirik badago, gero kantxara ateratzen denean, ikusten zaio erritmo falta, kantxan pixka bat galduta dagoela. Aizkolariei ere berdina pasatzen zaigu», esan du Irazuk. Asko eskatzen duen kirola da aizkora, eta gainera inguruko norbaiten laguntza ere behar izaten da prestaketa lanak egiteko.

Gogoan izan behar da Euskal Herriko Txapelketan lehen mailan dagoela aurtengoan Irazu, iaz bigarren mailakoa irabazi eta gero. Eta lehen mailan lehiatzeak txapelketan lan handiagoa egin behar dela esan nahi du. Hori bai, erakustaldiak-eta egiteko aukera gehiago izaten dituzte, baina horixe dute faltan garai honetan. Eta entrenamendu guztiak etxean egin behar badituzte eta ezer ez herriko festetan, egurraren gastu hori oraindik eta handiagoa da. Azkenean, neurriz kanpoko zenbakiak ateratzen dira.

Azken bi urteetan neguan atseden dezente egin du Irazuk, eta konfinamendu garaian fisikoki pixka bat mantendu dela dio, bizikletarekin edo mendira joanez. «Ezin duzu dena erabat utzi», zehaztu du. Eta orain du erabakiak hartzeko unea: «Egur pixka bat dut eta oraintxe dut garaia entrenatzen hasteko edo ez. Serio entrenatzeko egurra ekarri behar da, dagoeneko gastu dezentekoa egin beharko nuke».

Hainbeste denboran aritu gabe egonda, aizkolari batek sasoian egoteko, lan txukuna egingo duenaren garantia emateko, gutxienez hiru hilabete beharko dituela kalkulatzen du Irazuk. «Bi hilabete geldirik egon eta orain hasiz gero, babekin hasten zara, gogordurekin... Hiru hilabete gutxienez behar dituzu. Eta hiru hilabete horiek ondo entrenatuta, lesiorik-eta izan gabe». Urriaren bueltan izaten da Euskal Herriko finala. «Ikusten bada dena hobetzen doala, eta ez dela berrerortzerik izango, posible izan daiteke. Baina jendeak beldurra du berriz ere etorriko ote den udazken aldera aurretik izan dugun egoera, eta hor dago gakoa».

APUSTUAK, AUKERA?

Zenbait aizkolarirekin hitz egin du eta bere antzera daudela dio, zalantza handiekin. «Orain egoera zerbait hobetzen ari da, baina udazkenean ez dakigu ze jarrera hartuko duen, mantenduko den ala ez», esan du Irazuk. «Ikusten dugu futbola eta beste kirol batzuk ateak itxita jokatuko direla. Ez dut uste herri kirolak gaitasuna duenik ateak itxita aurrera ateratzeko».

Apustuak izan daitezke aukera bat aizkorarentzat? Jenderik gabe apustuak egitea zaila dela dio Irazuk, eta, gainera, eskatzen duen prestaketa nabarmendu du: «Txapelketan ez baduzu aurrena egiten, ez da ezer gertatzen, egun txarra duzulako edo zorte txarra izan daiteke. Apustua ez baduzu irabazten, galtzailea zela, eta niri pertsonalki askoz serioagoa iruditzen zait». Horrez gain, data bat jarri, lan handia egin prest egoteko, eta egoera okertuz gero apustua egiteko aukerarik ez izateak, zailtasuna gehitzen dio horrelako ekitaldi bat antolatzeari.

Herri kirolak eta diru laguntzak ezkontzea gaur egun ez da erraza. Irazuri ez zaio burutik pasa ere egin laguntzarik jaso ahal izatea. «Herri kirolak hemengo kulturaren parte dira. Baina uste dut kultura hori asko galtzen ari dela», esan du, gainera, Irazuk. «Lehen saiatzen zen ekitaldia oso polita jartzen, maila bereko aizkolariekin. Orain herri askotan egiteagatik egiten da, eta beste toki batzuetan egiteari utzi zaio».

Ikusten denez, aurrera begira zer egoera izango den ez jakiteak sortzen du zalantza handiena aizkolariengan. Eta ezjakintasun horrekin denek dituzte arazoak, bai maila apalekoek eta baita goi mailan aritzen direnek ere. Ea egoerak hobera egiten duen eta aurtengo denboralditik zerbait salbatu daitekeen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!