Ondoren, hainbat aizkolari eta harri-jasotzailek parte hartu zuten erakustaldi moduan. Jende asko izan zen, ondo merezitako omenaldian.
Gizon hau Debakoa da eta 76 urte ditu. 1964an jokatu zuen lehen apustua, eta horixe izan zen abantailarik eman ez zuen apustu bakarra. Irabazi eta galdu egin izan ditu apustuak, baina abantaila emanda beti. Bakarra jokatu zuen, 125 kiloko kubikoarekin, kasualitatez, nire osaba Joxe Mari Sarasolaren aurka. Azkeneko apustua 1975. urtean jokatu zuen, nahiz eta, gero, urte batzuetan, erakustaldiak egiten aritu. Segalari bezala ere lan batzuk egin zituen. Izen handia hartu zuen, Espainiako gizon indartsuena titulua jaso ondoren, Franco garaian egiten ziren proba batzuk irabazita. Endañeta izan zen 250 kiloko harria jaso zuen lehenengoa.
Bestalde, Berriatuan izan ziren kintopeko idi probak. Asteasuko Joxe Barriolak beste behin irabazi zuen. Dagoeneko baditu lauzpabost txapelketa kintopekoak eta, esan behar da, Berriatukoa ez dela edozein plaza. Izen oneko idi pareak joaten dira, urtean zehar lana egindakoak. Kintopeko mailak xarma berezia du, idi berriak izaten direlako, aurreneko aldiz ikusten direnak, eta horiei jarraipena egiten zaie. Aurten Barriolaren idiak nagusitasun osoa erakusten ari dira.
Asteburu honetan Azpeitian izango da hitzordu nagusia. Gaur izango da, 22:00etan hasita, Izarraitz pilotalekuan. Batetik, Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren finalean, Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a ariko dira. Faboritoa Vicente da, baina, zutik lanak egin behar direnez, ikusi egin beharko da.
Bestalde, Emakumeen Trontza Txapelketa izango da jokoan. Karmele Gisasola Zelai III.a eta Uxue Ansorregi, Garbiñe Lopez de Uralde eta Ruth Linaza, eta Itxaso Onsalo eta Leire Astiazaran ariko dira lehian. Azken hau zizurkildarra da.
Bestea Urrezko Binakako Harri-jasotze Txapelketa izango da. Imanol Albizu Goikoetxe eta Xabier Aranburu Guzta, Jon Gisasola Zelai V.a eta Jokin Eizmendi, eta Iñigo Eizagirre Eiza eta Aimar Galarraga ariko dira.
Horrez gain, aizkorako beste bi txapelketa jokatuko dira. 23 urte azpiko banakako txapelketan, Julen Larrea, Oier Kañamares eta Joxean Etxeberria ariko dira nor baino nor. 19 urte azpiko mailan, berriz, Hodei Ezpeleta, Xuban Kañamares eta Aritz Azpiazu Arria VI.a izango dira txapelaren lehian ariko direnak.