Aizkora eta harri-jasotze txapelketei errepasoa

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2019ko api. 5a, 16:46

Zarauzko Bi Harri Txapelketan parte hartu zuten harri-jasotzaileak. UROLA KOSTAKO HITZA

Arribe-Atallun hamabi aizkolari elkartu ziren, igandean, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketaren hirugarren jardunaldian. Elorriaga IIa. eta Zelai IV.a pasa ziren aurreko kanporaketetatik, baina lehengoan izen gehiago zeuden, tartean, Pellejero, Jokin Alkizalete asteasuarra eta Eneko Saralegi. Azken bi horiek sailkatu ziren, hurrengo kanporaketarako.

Egur Sportek antolatzen du txapelketa eta 70 bat aizkolarik eman dute izena bertan. Aurreneko bi saioetan asturiarrak, madrildarrak, segoviarrak... maila horretakoak etorri dira. Maila txikia dute, eta hamabinaka ari dira egiten kanporaketak. Azken honetan, ikusi dugu bigarren maila ingurura iristen diren aizkolariekin hasi direla, eta hemendik aurrera izen ezagunak izango dira txapelketan.

Jokin Alkizaleteren afizioa aizkora da, eta horrelako txapelketetan aritzen da. Ikusi izan dut, 5 metroko altueran, aizkoran eta oso poliki egiten du. Txapelketetan, aizkolari hobeekin aritzen delako edo, iruditzen zaigu ez dela oso ona izango. Baina, txapelketa honetan 40 aizkolari pasatu dira, eta bera sailkatu da.

Hurrengo kanporaketan bigarren mailako batzuk izango dira, eta hor lehia beste maila batean sartzen da. Baina, lan motzak direnez aurrenekoa egiten dute kana-erdikoa zeinek lehenago moztu, eta gero, finalean, kana-erdiko bat eta 45 ontzako bat ebakitzen dute, hobea den norbaiti adar begia ateratzen bazaio, kanporatua izan daiteke. Behin txapelketak aurrera egiten duenean, lan luzeagoak izaten dira, eta hor, normalean, onenek ez dute akatsik egiten.

Zarauzko Bi Harri Txapelketa

Igandean Zarauzko Bi Harri Txapelketa ere egin zuten. Mollarri eta Jai Txiki, 117 eta 120 kiloko itsas-harri baldarrak, jaso behar izaten zituzten. Zazpi minutuko txanda dute, eta aurrena bat eta gero bestea jaso behar izaten dute. Berezia da, beraz, txapelketa.

Hamar parte hartzaile izan ziren, eta irabazlea aurreko urteko bera: Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, 23 jasoaldirekin. Aimar Irigoien parte hartzen ari bazen ere, ezustekoa izan zenik ere ezin esan. Harri baldarrekin asmatu behar izaten da, eta Irigoienentzat lehendabiziko aldia zen. Ezustekoa izan zen, kolperik gabe igotzen zituela, eta azkenean asko kostatzen zitzaion horrela jasotzea, eta pixka bat nekatu egin zela esango nuke. Hala ere, 22 jasoaldi eman zizkion, eta bigarren egin zuen.

Ez da ahaztu behar, Izeta IV.ak apustua jokatuko duela, Goikoetxe harri-jasotzailearekin, maiatzaren 4an, Azpeitian. Hura ezberdina izango da: hamar minutuko hiru txanda, 125 kiloko kubikoarekin. Oso sentsazio onak erakutsi zituen, Izeta IV.ak, igandean, bere lanak egin ondoren, arnasa aldetik-eta, oso ondo geratu baitzen.

Txapelketa oso polita izan zen. Josu Urbietak lehenengo aldia zuen, eta 13 jasoaldi egin zituen, eta Mielgo madrildarrak 15 egin zituen. Ondorengoak 18 jasoaldi egin zituen eta, irabazi zuenak, 23. Beraz, bost jasoaldi horietan ia denak sartu ziren; oso txapelketa estua izan zen. Jende aldetik erantzun oso ona izan zen. Laugarren aldia da antolatzen dela, eta aurten izan zen ikusle gehien, eta ikuskizuna bikaina izan zen.

Aurrera begira, maiatzaren 5ean izango da Gorostidi Harria Txapelketa, Adunan, eta horren berri ere emango dugu, herri kirolen tarte honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!