Tolosan sartzerakoan aldatu egin zen, eta pixka bat bere onera etorri ere bai. Izan ere, beherakoan atzaparrak hazi egiten dira, eta gero berriz aizkoran aritu behar zen eta, hor, zeresan handia du atzaparretan duzun sentsazioak.
Tolosan nekatuta zegoela ikusten zen, baina burua hotz zuela ere bai, eta denbora guztian zer egin behar zuen entzuten zien laguntzaileei. Azkenean lau ordu, 49 minutu eta 35 segundokoa izan zen, egindako marka. Giro ona izan zen Tolosako zezen plazan, eta denbora guztian jendea animatzen aritu zen.
Hain justu, Tolosako zezen plazan, Arria iritsi aurretik, jaialdia egin zuten. Bertan, Iban Ugartemendia hernialdearrak 15 arroako (189 kilo) kubikoa jasotzeko ahalegina zuen, eta bi jasoaldi eman zizkion. Historian hori lortu duen hamabosgarren harri-jasotzailea omen da. 15 arroako kubikoak badu bere historia. Urtain boxeolariak 20 urte inguru zituela jaso zuen, eta gero harri horrek izena hartu du. Kubikoa izanik, lan handia du. 200 kiloko kubikoa igo dutenak, bost edo sei bakarrik dira.
Harri-jasotze eta aizkora txapelketak igandean
Hamar harri jasotzailek parte hartuko dute, Zarauzko Bi Harri txapelketan. Hirugarren urtea du txapelketak, eta bertan bi harri baldarrekin aritzen dira, 121 eta 118 kilokoak. Bat jaso gabe ezin dute bestea jaso, eta sei minutuko txanda bat izango dute.
Parte hartzaileak Josu Urbieta, Sergio Mielgo madrildarra, Iñigo Izagirre, Izeta III.a, Izeta IV.a, Imanol Kortaberri, Jokin Eizmendi, Gorka Etxeberria, Aimar Irigoien eta Xabier Peñagarikano izango dira. Izeta IV.ak maiatzean apustua du, baina, iazko txapelduna denez, proba honetan parte hartuko du. 18:00etan hasiko da txapelketa Aritzbatalde pilotalekuan.
Bestalde, Mikel Lopetegi Urra-k apirilaren 7rako zuen marka ahalegina bertan behera utzi du. 100 kiloko zilindro zaharrarekin aritu behar zuen. Baina, aurreko larunbatean entrenatzen ari zela aberia egin zuen, eta hilabete pare batean geldirik egon beharko du.
Aizkorari dagokionez, igande eguerdian Arribe-Atalluko pilotalekuan izango da, Urrezko Aizkora txapelketaren kanporaketa. Hamabik parte hartuko dute, eta bi sailkatuko dira hurrengo kanporaketarako. Jokin Alkizalete asteasuarra izango da bertan eta, berarekin batera, Julen Aranberri Elorriaga II.a zumarragarra, Manuel Fraile segoviarra, David Naredo asturiarra, Asier Pellejero aresoarra, Luis Polanco otxandiarra, Juan eta Jon Rodriguez segoviarrak, Eneko Saralegi errazkindarra, Ibai Soroa atalluarra, Suharri Rodriguez hernaniarra eta Iraitz Gisasola mallabiarra arituko dira.