«Indarrak gordetzen joan behar dut, bestela, bukaera kalbarioa izan daiteke»

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2019ko mar. 14a, 19:59

Bost ordu inguru iraungo duen proba egingo du, Arria V.a-k, igandean, aizkora eta korrika uztartuz. Herri kirolen munduan ez da horrelako erronkarik egin aurretik.

Goizeko bederatzietan hasita, hogei kana-erdiko ebaki, Azpeitiko zezen plazan, handik Hernioko gurutzera joan, Tolosara jaitsi, eta bertako zezen plazan beste hogei kana-erdiko ebaki. Lan hori bost ordu eta hamar minutu baino lehenago egiten badu, 6.000 euro jasoko ditu. Denbora horretatik pasatzen bada, eta lana bukatzen badu, 3.000 euro jasoko ditu. Horiek dira Ibarran bizi den Xabier Orbegozo Arria V.a-k (Errezil, 1977) igande honetan egingo duen marka saiakeraren datuak. Tolosako zezen plazan sartzeko, sarrerak 20 euro balio du, eta Azpeitiko hasierako saioa ikusteko aukera ere emango du.

Nola antolatu duzu hau guztia?

Antolaketa handia, prestaketa handia eta, orain, bukaera ere, handia ematea espero dugu. Aurreneko 20 kana-erdikoak ebakitzea, bere horretan, apustu bat da. Paperak dena aguantatzen du, bertan erraz jartzen dira zenbakiak, baina gero hasterakoan izaten dira komeriak. Lehen 20 kana-erdiko horietan ez dago dena emanda hasterik, bestela, gero lan izugarriak etorriko dira. Mendiko lanak hasten direnean kontrolatzen joan behar da, bestela, azkeneko 20 kana-erdikoak oso luzeak egingo dira.

20 kana-erdiko bakarrik ebakitzera joanda, gutxi gorabehera, 40 minutu izaten dira. Baina, zuk diozun moduan, ondorengo lanak kontuan izan behar dira.

Fresko zaudenean jo egiten duzu, baina gero ordaindu egiten da horrelako lan batean. Alboan izango ditudan laguntzaileei esan diet pixka bat eusteko. Daukadanean jotzea gustatzen zait, berotu egiten naiz, eta gero garesti ordain daiteke. Burua hotz izan behar dut, eta indarrak gordetzen joan behar dut, bestela, bukaera kalbarioa izan daiteke.

Zenbat laguntzaile izango dituzu?

Aizkoran bi izango ditut, betikoak, aita eta Txapartegi, eta mendikoan Joxe Apalantza eta Andoni Ibarbia errezildarrak. Asko entrenatu dugu batera, eta mendiko denborak markatuta ditugu; beraien lana ere izango da niri eustea.

Eta bukaeran ebaki beharreko beste 20 kana-erdikoena nola ikusten duzu?

Nik seguru dakidana da, Tolosara iritsiko naizela, ez badut bidean minik hartzen, behintzat. Nire gorputza Tolosara ekartzeko abilezia badaukat. Orain, izan ditut entrenamenduak ia lan osoa egin dudanak. Aizkoran hasi, korrika egin eta gero aizkoran. Azken parte horretan ondo hasi naizenak egin ditut, baina jota hasi naizenak ere bai. Eta horietan kontuan izan behar da aizkora oso kirol esplosiboa dela, eta asko antzematen da jota zaudenean. Korrika ez hainbeste; kilometroa lau minututan egin beharrean bostean egingo duzu, baina aizkoran jota iristen bazara, posible da lanak ez bukatzea.

Garbi erakutsi duzu, orain arte, aizkoran eta gero korrika egiteko gaitasun handia duzula. Bukaeran berriro aizkora hartze horrek egiten du proba hau oso berezia. Orain arte ez da horrelakorik egin.

Ez dut uste horrelakorik egin denik. Gainera, mendian behera jotzen etortzen bazara, atseden gutxi hartzen da. Hamar-hamaika kilometro daude, eta hor pixka bat markatu eta jo egin behar da. Gainera karga handia daukagu, eta beherantz izter aurreak asko zigortzen dira, eta gero aizkoran indar falta izan daiteke hanketan.

Entrenamenduetan erakutsi diot, neure buruari, lan horiek ondo egin ditzakedala, eta konfiantza guztiarekin goaz. Iganderako sentsazio oso onak ditut. Garrantzitsua da konfiantza izatea norbere buruarengan. Astuna izan arren, mendian erraz ibiltzeko gaitasuna badaukat, eta horrek asko laguntzen dit. Gero, aizkolaria naizenez, badakit gimnasia hutsarekin kolpea tiratzen. Baliatu beharko dut nire urteetako jakinduria, neke gutxirekin aizkoran aritzeko.

Hernioko gurutzea jo eta Tolosara 13:00ak aldera iritsiko zarela kalkulatu duzu. Aurretik jaialdia antolatu duzue Tolosan.

Hernialdeko Iban Ugartemendia harri-jasotzaileak, 190 kiloko harri kubikoarekin, bost minutuko denboran marka pertsonala egin nahi du. Bera hasiko da 12:00etan. Gero, segidan, Iker Vicente eta nire iloba Arria VI.a batetik, eta Mikel Larrañaga eta Julen Larrea bestetik, ariko dira aizkoran, ni iritsi bitartean.

Peru Eraikuntzak enpresarekin egin duzu tratua.

Bai, eta kontratu bidez jarrita dago. Muga bost ordu eta hamar minutuan dago. Hortik behera eginez gero, 6.000 euro; goitik eginez gero, 3.000 euro. Nahiko estu egokituta dago denbora, eta hala behar du, motibazio aldetik ere. Nik uste dut azpitik sartzeko modua izango dudala.

Zein distantzia dago Azpeitiko zezen plazatik Tolosako zezen plazaraino?

26 bat kilometro daude. 15 inguru daude Herniora, eta hortik 11 Tolosara. Maldari dagokionez, bi zatiak antzekoak dira, bi herriak 100 metrotik behera daudelako. Zelatunerainoko bidean, azken lau edo bost kilometroetan, euria egin eta harria bustitzen bada, zakartu egiten da. Harri oso leuna da, gu mutil handiak gara, eta hor gorabehera pixka bat egon daiteke, eguraldia lehorra edo bustia izango denaren arabera. Hala ere, data jartzerakoan, ez dago horri begira egoterik.

Marka egiteko aldagaiak ere hor daude: enbor motak, eguraldiak eragin dezakeena mendiko lanean... Azkenean gauzak modu askotara oker daitezke bost ordutan zehar.

09:00etan, txistua jotzearekin batera, dena emanda jartzen zara. Pultsumetroarekin-eta datuak hartu ditugu , eta hiru ordura ere dena emanda jarraitzen duzu. 90 kilo pisatzen ditut, eta mendian azkar joateko eman egin behar da. Beraz, edozein oker txikik, janariarekin edo edariarekin esaterako, ondorio handia izan dezake. Horrelako lan luze batean, gorputza behera joaten denean, ikaragarri behera joaten da. Tourrean bost orduko etapak-eta egiten dituzte, baina lehen lau orduetan 100 taupadatan joaten dira. Gu, ordea, aurreneko minututik ia dena emanda hasten gara, %90an edo.

Aurretik 20 kana-erdiko ebaki eta 20 kilometro korrika egindakoa zara plazan. Igandekoarekin horrelako probekin bukatuko duzu?

Hau izango da nire azken aukera horrelako bat egiteko.

Eta gero utzi egingo duzu guztiz?

Udarako erakustaldi batzuk hitzartuta ditut dagoeneko. Azken lau-bost urte hauetan ibili naizen moduan, apustuekin, markak egiten... Dedikazio ikaragarria eskatzen du horrek. Nik uste dut etapa horri bukaera ematen ari naizela. Akaso txapelketaren batean-edo parte hartuko dut. Bestalde, aurreko urteko pentatloiaren arantza hor dut, eta aurten egiten bada, parte hartu nahiko nuke.

Grabatu egingo dute marka saiakera, ezta?

Bi plazetako grabaketa zein mendiko tartearena ETBk egingo du, eta gero dokumental bat egin nahi dute, Mendi Film Festivalerako. Dena grabatuta geratuko da, gerora ere, norbaitek nik egindako marka hautsi nahi badu, garbi izateko nola egin dugun. Gustura hartuko nuke, gainera.

Zorte on iganderako.

Eskerrik asko. Nik uste dut ondo aterako dela, animoz gaude. Aurretik, eskerrik asko ikustera joango diren guztiei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!