Enbor guztiak ebakitzen bi orduko lana beharko du gutxi-orabehera, Azpeitikoak ebakitzen ordubete baino gutxiago beharko badu ere. Horrelako lanik ez da egin orain arte. Badira enbor bat ebaki eta mendi batera igotako lanak, baina ez hasieran eta bukaeran 20 kana-erdiko ebakitzekoak. Lehen ere, uste dut aizkoran eta korrikan egindako lanik luzeena Arria V.ak berak Aierberen marka hobetu zuenean izan zela. Ez dago menditik etorri eta berriro enborrak ebakitzeko lanik, nik dakidala.
Denborari begiratuta, lana bost ordu eta hamar minutu baino lehen bukatzea da erronka. Hori lortzen badu, Peru eraikuntzak enpresak 6.000 euro emango dizkio. Denbora horretatik gora eginez gero eta lana bukatzen badu, 3.000 euro jasoko ditu. Oso lan gogorra da, bost ordu ingurukoa izango baita. Enborren aldetik saiatuko da ahalik eta bigunenak lortzen. Bestetik, Herniora igotzeko bidea ezagutzen du, eta ez hainbeste Tolosara jaistekoa.
Larraul-Hernio-Larraul proba ere egun berean egitekoak dira, baina, dirudienez, korrikalariek erabiliko duten bidea eta Arria V.arena ez dira berdinak izango. Beste kontua eguraldia izango da. Ez litzateke harritzekoa izango, garai horretan elurra izatea, eta horrek gauzak asko aldatuko lituzke.
Arria V.a aspaldidanik lan luzeekin dabil, aizkoran eta korrika, eta sasoi aldetik bere burua gai ikusten duelako bota du erronka. Berak aipatu duenez, bere azken saiakera izan daiteke. Agian uzteko, edo aizkoran bakarrik aritzeko. Garbi dago horrelako lan bat egiteko orain duela garaia, bestela, ez dirudi aurrerago horrelako lanik egingo duenik.
Tolosan, ikusleak zain dauden bitartean, herri kirol saioa izango da, 12:00etan, Aitzol Atutxa Larrearekin, eta Iker Vicente bere iloba Haritzekin.
Harri-jasotze eta aizkora saioak
Asteburuan hainbat herri kirol saio izan dira. Ostolaza eskolako harri-jasotzaileek beren markak egiteko jaialdia egin zuten Aian. Kortaberrik 188 kiloko kubikoari, hau da, hamabost arroakoari, hiru jasoaldi eman zizkion. Lan bikaina egin zuen. Pisu horretako kubikoak altxatzen aritu direnak ez dira asko izan. Ondoren Gorka Etxeberria 190 kiloko errektangularrarekin aritu zen. 86-88 kilo dituen harri-jasotzailea da Etxeberria. Aurrenekoan alde egin zion harriak, txalekotik behera, eta ondoren saiatu zen altxaldiak egiten, baina ez zuen lortu. Aimar Galarragak 235 kiloko errektangularrari jasoaldi bat eman zion, eta bestea baliogabea izan zen. Kilo asko dira horiek, kontuan hartzekoak. Julen Diezek 210 kiloko harriari bi jasoaldi eman zizkion. Honek ere bere lana oso txukun egin zuen.
Iraetan Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketaren B multzoko saioa jokatu zituzten asteburuan. Mugertza eta Azurmendi batetik, eta Iker Vicente eta Ruben Saralegi lehengusuak bestetik. Vicentek eta Saralegik hasieratik hartu zuten aurrea, eta beraiek irabazi zuten. 23 minutu eta 25 segundo behar izan zituzten lanak egiteko, eta Mugertzak eta Azurmendik 25 minutu eta 4 segundo. Vicente beldurgarri aritu zen, ikustekoa da nola aritzen den aizkoran. Saralegi ez dago bere sasoirik onenean, eta hobetzeko aukerak ditu. Bi horiek faborito jarriko nituzke, txapelketa irabazteko.
Emakumezkoen lehian tartea handiagoa izan zen. Maika Ariztegik aise irabazi zion Xanta Sousari. Oso urduri ikusi genuen Xanta, ez zuen asmatu kolpearekin, eta hobeto aritu izan da. 6 minutu 30 segundo behar izan zituen Ariztegik, eta Sousa hamar minutuetaraino joan zen.
Iraetan ere jokatu zuten Errota Harri-jasotze Txapelketa, 107-108 kilo dituen eta Errota izena duen harriarekin. Aurreko urtean irabazi zuen berak irabazi du aurten ere, Xabier Peñagarikano Peñak, 28 jasoaldi eginez. Bigarren Beñat Telleria 25ekin, eta Imanol Albizu Goikoetxe eta Inhar Urruzuno 24rekin izan ziren hirugarren eta laugarren.