Asteasuko gertaerak eta apustuen saltsa

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2019ko urt. 10a, 12:51

Urte amaieran zeresana eman zuten bi herri kirol jaialdi izan ziren Asteasun. Urte hasieran, berriz, bi izan direnak apustu kontuak izan dira.

Asteasun, Euskal Herriko Harri Handien Txapelketak hamaika kontuko soka ekarri du. Aurrena, txapelketan gertatua esan behar da. Aimar Irigoienen hutsunea, lesioa tarteko, Jokin Eizmendi zarauztarrak bete zuen, 7.150 kilorekin txapela jantziz. 2.000 kilora Goienatxo III.a geratu zen, Kortaberrirekin lehia polita izan ondoren. 25 kilo gutxiagorekin geratu zen azken hau hirugarren postuan, baina esan bezala, ikuskizun ederra eskaini zuten. Aimar Galarraga izan zen laugarrena, eta bosgarrena Iban Ugartemendia. Hernialdeko harri-jasotzailea ez zen fin ibili, jakina baita gorago ibiltzeko gaitasuna duela. Seigarren, Julen Diaz geratu zen, bere lehen parte hartzean. Euskal Telebistak zuzenean bota zuen txapelketa. Horrek zeresana eman du. Harri-jasotzaileak gauza batzuekin gustura geratu ziren, besteekin ez horrenbeste. Leku aldetik nahiko justu ibili ziren. Harri-jasotzailea, laguntzaileak, epailea eta kamara; guztira bost lagun alde batean eta bestean. Hor tarte handiagoa beharko litzateke, baina telebistako argientzat eta abar horrela komeni omen zen. Bestetik, 15 minutuko atsedenaldia beharrean 12koa izan zuten. Boxeoko ring moduko bat egin zuten, eta aurkezlea pajaritarekin eta abar jantzita ibili zuten. Nire iritzian, tarteko zerbait bilatzea badago. Harri-jasotzaileek ikuskizun handi bat emateko osagaiak badituzte urrutiegira joan gabe. Bestalde, egia da telebistak merezi duten protagonismoa eman diela txapelketaren aurretik eta ondoren harri-jasotzaileei. Hori ere kontuan hartu behar da. Epaileak, federazioak, antolatzaileak, harri-jasotzaileak eta telebista, bada denen artean elkartu eta hobetzeko aukera. 

 Urte Zahar egunean, berriz, Egur Sport-ek antolatzen duen txapelketaren finalak jokatu ziren Asteasun: aizkoran, harri-jasotzen eta ingudearekin. Ikuskizuna benetan polita izan zen, eta jendearen erantzuna txapela kentzeko modukoa. 600 bat lagun elkartu ziren Usarrabiko harmailetan, eta sarrera 25 eurotan zela kontuan hartuta, bada zerbait.

Aizkoran 16 kanaerdiko lana zuten aurretik hiru finalistek. Iaz bezala, txapela Mikel Larrañagak jantzi zuen. Xabier Orbegozo 'Arria V.a' ordea, ez zen urruti ibili. Bien arteko lehia oso polita izan zen eta 'Arria V.ak' estu hartu zuen txapelduna. Iñaki Azurmendi izan zen pixka bat atzera geratu zena.

Harri-jasotzaileen arteko lehian hirurak ibili ziren puntan. Benetan ikuskizun handia eskaini zuten 100 kiloko hiru harrirekin. Zilindroa, kubikoa eta bolarekin 3 minutuko txanda bana egin behar zuten. Inhar Urruzuno izan zen jasoaldi gehien lortu zituena, 90ekin. Xabier Peñagarikano bigarren geratu zen 87rekin eta Goikoetxe hirugarren, 82rekin. Ikuskizun ikusgarria harri-jasotzaileena.

Ingude txapelketa ez zen gutxiagorako izan. Virginia Finolek handia egin zuen. Herri kirol munduan ez da oso ezaguna iruindarra, baina minutu t'erdian 95 jasoaldi eman zizkion 10 kiloko ingudeari, marka jarriz. Federazioko marka 94 jasoalditan dago, eta horrela jarraituko du, Egur Sport-ek antolatzen zuenez Asteasun ospatu zen txapelketa federazioko epailerik gabe jokatu zelako. Bigarren Maika Ariztegi geratu zen, 93 jasoaldirekin. Hirugarren, Karmele Gisasola, 89rekin.

Apustu hotsak

Iker Vicentek bota zion desafioa Aitzol Atutxari, 20 enbor 60 ontzako. Tolosako Kantabrikora joan zen nafarra, baina bizkaitarra ez zen azaldu. Herri kirol munduan gaudenok pentsatzen genuen hori gertatuko zela, baina jendeak buruan aurkakoa zuen: "Hauek dena lotuta dute eta apustua jokatuko da". Aitzol Atutxa aizkolaria izateaz gain beste hainbat gauza da, eta ardura bat baino gehiago dauzka. Lan horiek atzeraturik zituela esana zuen, eta garai hauetan bere buruan apusturako ez dago tarterik. Horrek ez du esan nahi aurten jokatuko ez denik denok espero dugun apustu hori, baina oraingoz, zain egotea tokatzen zaigu.

Saltsa batetik beste batera, eta gustukoa gainera. Harri-jasotzaileak ez dute atzean geratu nahi izan eta Imanol Albizu Goikoetxe-k apustua bota dio Hodei Iruretagoiena Izeta IV.ari. Larunbatean, urtarrilak 12, Azpeitiko Mendizabalen egongo da 19:00etan. Lana, lan serioa izango da: 10 minutuko hiru txanda 125 kiloko kubikoarekin. Izeta IV.a azalduko da eta nire ustez, apustua ixtea lortuko dute. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!