Txapeldun berria eta igandean Zizurkilera

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2018ko aza. 16a, 10:03

Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketa jokatu zuten igandean, Laukizen, Bizkaian.

Aurrez bagenekien lehia polita ikusteko osagai guztiak zeudela: Aimar Irigoien faborito nagusia, azken urteetako txapelduna; Inhar Urruzuno ere hor zebilen, aurrera sartuta eta Irigoieni irabazteko gai zela erakutsita, Alegian gainera; eta Mikel Lopetegi Urra. Hiru horien artean txapela jokoan zegoela esan genuen, eta horrela gertatu zen. Mikel Lopetegi Urra-k irabazi zuen, eta nola gainera. Alde batetik, zarauztarrak Euskal Herriko txapela irabazten duen lehen aldia da, nahiz eta duela bi urte ez zen urruti ibili. Orduan bigarren postuan geratu zen. Iaz, ez zuen parte hartzerik izan. Bestetik, Aimar Irigoienek zuen marka hautsi zuen Urra-k, 150 kilo gehiago jasota. Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketako marka berria ondorengoa da:

13. 512,5 kilo. Errezilgoa bigarren geratu zen 12.725 kilorekin, eta hirugarren Inhar Urruzuno. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a laugarren postuan geratu zen.

Mikel Lopetegik udan sasoiko zegoela erakutsi zuen, besteak beste, Igeldoko Harria, Ergobiko Txapelketa, Aiakoa edo Elgoibarkoa irabazita. Izetatarren eskolan aritzen da Urra, eta Izeta II.ak esana zidan oso ondo zegoela iganderako. Uda amaieran pixka bat jaitsi zela, baina berriro oso ondo zegoela, eta dena hutsik gabe eginez gero zerbait polita egiteko aukera zegoela. Eta marka ikusita horrela izan dela esan beharko da. Izugarrizko lana egin zuen 21 urteko Mikel Lopetegik Laukizen.

Bestalde, Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa abenduaren 22an izango dela esan beharra dago, larunbatez, Asteasun. Aimar Irigoienek han izango du arantza ateratzeko aukera. Txapelketa 22:00etan izango da, eta Azpeitian hasitako bidetik, zerbait berezia egiten saiatuko gara. Ea orduan atera zen bezain ondo ateratzen den.

Zizurkilen Urrezko Kopa, etzi
Egursport-ek antolatzen duen Urrezko Koparen kanporaketa berri bat jokatuko dute asteburuan. Aizkolariez ari gara, nahiz eta jaialdian harri-jasotzaileak ere lehian ariko diren. Jardunaldi berri hau etxean bertan izango dugu, hau da, Zizurkilen. Intxaur pilotalekuan, 12:00etan hasita, Jon Irazu bertako semeak Xabier Orbegozo Arria V.aren aurka neurtuko ditu indarrak. Aizkolari bakoitzak 12 kanaerdiko ebaki beharko ditu. Jon Irazu nola dagoen ikusi beharko da, ondo egonez gero Xabier Orbegozori aurre egiteko gai delako. Arria V.a, berriz, joan zen larunbatean ikusi genuen Loiun. Iker Vicente eta Aitzol Atutxaren aurka aritu zen aizkoran. Orduan 14 kana erdiko ebaki behar izan zituzten, eta Iker Vicente izan zen azkarrena, Aitzol Atutxaren aurretik. Oraingoan bi enbor gutxiago izango dituzte aizkolariek. Esan beharra dago, txapelketa horren finala abenduaren 31n jokatuko dutela, Asteasun

.
Lehen esan bezala, Zizurkilen harri-jasotzaileak ere izango dira. Horiek Gabonetako Harri-jasotzaile Txapelketa jokatzen ari dira. Intxaur pilotalekuan Zelai V.a eta Sebastian Martikorena lapurtarra ariko dira lehian. 100 kiloko zilindroarekin, bolarekin eta kubikoarekin 3na minutuko saioak izango dituzte. Jasoaldi gehien lortzen dituenak aurrera egingo du. Azpimarrazekoa da, lana ez dela brometakoa, hiru minutuko saiotan aritzea lan gogorra da. Finalean, adibidez, bi minutuko txandak izango dituzte harri-jasotzaileek. Igandean, beraz, herri kirol jaialdi ederra antolatu dute Zizurkilen, herri kirol munduaz gozatu nahi duenarentzat, Intxaur pilotalekuan, 12:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!