Herri kirolaz gain ikuskizuna ere bilatu zuten, eta jendea gustura atera zen. Kirolariek ere bere maila eman zuten, eta egun handi bat izan zela esan daiteke. Ea Euskal Telebistak horrelako ekimenen alde egiten jarraitzen duen eta jarraipena izateko aukera duen pentatloiak.
Hasieran beldur pixka bat bazen jendearen erantzunari begira, baina 1.200 laguneko sarrera izan zen. Horrenbesteko jendetza ez zen inondik inora espero.
Bezperan, Arria V.a ez zela izango jakin genuen. Besoko bizeps batean min du Xabier Orbegozok, eta saiatu den arren ez du osatzerik izan. Argitu behar da duela hiru edo lau aste lesionatu zela. Bost probetatik bat egiteko arazoak zituen, 100 kiloko harriarekin hain zuzen ere. Azken astean proba egin zuen, eta atsedenaldiaren ondoren jasotzeko moduan ote zegoen jakiteko. Ezin ordea. Medikuak ere debekatu egin zion, bizeps hori eteteko arriskua zegoelakoan. Hori gertatuz gero lesioa benetan larria izango litzateke; hilabeteetakoa. Gogoratu behar da pentatloia bera aritu dela sustatzen. Beraz, pena handiz galdu zuen larunbateko hitzordua Arria V.ak.
Zaldua izan zen irabazlea, lehen esan bezala. Bere lana ederki egin zuen, hasi eta buka erritmoa mantenduz. 40 minututik jaistea lortu zuen gainera, 36an amaituz. Bigarren Txapartegi izan zen, 40 minutuan. Hirugarren Aratz Mugertza 49 minuturekin. Zelai laugarrena izan zen eta Arria VI.a bosgarren. Azken hauek 19 urteko gazteak direla gogoratu behar da.
Pentatloia bukatzean Joseba Otaegik irabazleari desafioa bota zion, lan bera egiteko asmoz. Urtarrila aldera izango litzateke. Hasiera batean Xabier Zalduak ezezkoa esan zuen. Otaegi hala eta guztiz ere Azpeitiko Mendizabal erretegian izango da gaur, zain. Zaldua ez baldin bada azaltzen, beste edonori irekita egongo da apustua. Ez dut uste inor agertzekoa izango denik, baina ezustekoak beti izaten dira eta gertutik jarraitu beharko dugu.
Bestalde, igande honetan, urriak 7, Euskal Herriko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatuko da Durangon, 12:00etan. Ondorengo aizkolariak ariko dira lanean bertan: Arkaitz Jauregi, Oihan Larretxea, Eloi Kortxero, Julen Kañamares, Jexuxmari Mujika, Joxe Antonio Etxeberria, Aratz Mugertza, Oier Kañamares, Luis Txapartegi, Iban Resano, Juan Joxe Lopez De Azpilikueta eta Asier Pellejero. Horietatik sei pasako dira finalera.
Urriaren 14an, igandean, herri kirolariak Zizurkilen izango dira. Gipuzkoako Harri Handien Txapelketa jokatuko da bertan. Zizurkilen azoka eguna izango dute eta arratsalderako antolatu dute txapelketa.