[Herri kiroletatik] Zeresana ekarriko duen herri kirol pentatloia

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2018ko ira. 28a, 15:15

Euskal Pentatloi Saria izena jarri diote, eta bihar jokatuko da 22:00etan Azpeitiko zezen plazan. Bost lan desberdin egin beharko dituzte sei parte hartzailek. 

Hirunakako saioak izango dira, eta zozketaz erabakiko dituzte hirukoak. Benetan lan gogorra izango da. Horrelako zerbait 1990ean egin zen azken aldiz. Bihar, Arria V.a, Arria VI.a, Txapartegi, Zelai, Aratz Mugertza eta Zaldua ariko dira lanean. Orain arte plazetan ikusitakoa kontuan hartuta, Xabier Orbegozo Arria V.a izango da faborito nagusia. Bigarren postuan edonor gera daiteke. Proba edonork amaitu ez dezakeen bezala; ez litzateke harritzekoa izango. Parte hartzaileen artean etorkizuneko bi herri kirolari daudela nabarmendu behar da, biak 19 urterekin: Arria VI.a eta Zelai.

Prestaketa lanetan arazo gehien lehen ariketarekin izan dituzte: 100 kiloko bolari 25 jasoaldi ematen. Ondoren, 400 kiloko harriarekin bi plaza egin beharko dituzte giza proba saioan. Hirugarren ariketa aizkorakoa izango da: hiru kana-erdiko ebaki beharko dituzte. Jarraian, 50 kiloko bi txinga hartu eta sei plaza osatu beharko dituzte. Pentatloia korrika amaituko dute: zezen plazari 30 buelta eman beharko dizkie, 3 kilometro osatuz.

Aurrena hiru hasiko dira, eta ondoren beste hiru. Tartean 45 minutu egongo dira. Euskal Telebista bete-betean sarturik dabilenez, zuzenean eskainiko du. Eta hor, aipamen bat egin beharra dago. Aurtengoa proba moduan antolatu da. Ez da betiko herri kirol saio bat izango, gauza berriak sartu nahi izan baitira, hori ere proba bezala. Ondoren hitz egingo da zer dagoen soberan edo zer hobetu daitekeen. Argi dagoena zera da: soka ekarriko duela. Data hauetan aizkolariak adibidez txapelketan dabiltza buru-belarri. Apirila edo maiatza inguruan izanez gero, beste zenbaitek parte hartzeko aukera izango zukeen. Aurrera begira hori ere kontuan hartuko da, interesa piztu duen saria izanik. 

Atzera begiratuta, bost pentatloi egin direla ikusten da. Arria II.a, Anjel Arrospide eta Olasagasti izan dira nagusi horietan. Pentatloi bakoitzean, ordea, probak aldatzen joan dira. Bihar, erreferentzia bezala 1990ekoa hartuko da, baina alferrik da. Orduan Olasagastik 27 minutu pasa zituen bost ariketa horiek egiten. Larunbatean ez da horrelakorik izango, marka hori beste garai batekoa delako. Adibide bat jartzeko: Olasagastik 100 kiloko bola bi minutu inguruan jaso zuen 25 aldiz. Hori harri-jasotzaileek ere ez dute egiten. Garai haietan ohitura bazegoen herri kirol desberdinak lantzeko, eta oraingoek 3 hilabeteko prestaketa bakarrik eduki dute; haiek urteetakoa. Horrez gain, Olasagasti Olasagasti da.

Hala eta guztiz ere, zerbaiten hasiera izan daiteke, eta horregatik, ikusmina sortu du. Sarrerak 20 euroan jarri dituzte.

Bestalde, Nafarroako Lehen Mailako Aizkolari Txapelketaren finala erabakita gelditu dela aipatu behar da: Iker Vicente, Jon Rekondo, Ruben Saralegi, Oier Kañamares eta Joxean Etxeberriaren artean jokatuko da txapela. Maila Donato Larretxeak eta Julen Kañamaresek galdu dute, nahiz eta azken honek Mieltxo Mindegiari kitarakoa eskatzeko aukera duen.

Asteburuari begira, Igantzin, bihar 18:00etan, Emakumeen Euskal Herriko Lokotx Txapelketa jokatuko da. Baita Nafarroako Bigarren Mailako Aizkolari Txapelketa ere. Igandean, arratsaldez, Altzagan urteroko jaialdia egongo da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!