Azpeitiko ikuskizun handia gero eta hurbilago

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2018ko irailaren 21a

Lana benetan gogorra, oso gogorra hartu dute Herri Kirol Pentatloian parte hartuko dutenek. Irailaren 29an, iluntzean, Azpeitiko zezen plazan izango da ikuskizuna.

Txapelketa kutsua baino ikuskizuna bilatuko da, argiekin, telebistarekin eta abar. Arria V.a, bere iloba Arria VI.a, Zelai harri-jasotzailearen semea, Aratz Mugertza, Luis Txapartegi eta Xabier Zaldua izango dira bost herri kirol egin beharko dituztenak.

Lana handia izango da. Aurrena, 100 kiloko harria 25 aldiz jaso beharko dute. Ondoren, 400 kiloko harria giza proban mugitu beharko dute, bi plaza eginaz. Hirugarren kirola aizkora izango da, hiru kana-erdiko ebaki beharko dituztelarik. Jarraian 50 kiloko txingekin sei plaza egin beharko dituzte. Azkenik, korrika, zezen plazari 30 itzuli eman beharko dizkie, hau da, hiru kilometro.

Arazo handienak entrenamenduetan, gehienek, 100 kiloko bolarekin dituztela ikusi dut. Giza proban komeriak izango zituztela uste nuen, baina behin ikasiz gero tiraka moldatzeko moduko proba omen da.

Zozketa bidez hirunaka ariko dira kirolariak, eta lana ikusita, ikuskizuna ere izugarria izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!