Udako errepasoa eta Alkizako jaialdi handia

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2018ko ira. 7a, 10:09

Alkizako festen barruan, urtero bezala, herri kirol saio handia antolatu dute. Irailak 8, larunbata, 23:00etan, punta-puntako aizkolari eta harri-jasotzaileak ariko dira lanean.

Atutxa-Larrañaga, Arria V-Otaegi eta Vicente-Saralegik osatuko dituzte aizkoran hiru bikoteak. Kana-erdiko banarekin hasiko dira. Ondoren, bikote bakoitzak 80 ontzako enbor bana ebaki beharko du txanda librean. Azkenik, 10na enbor bota beharko dituzte. Harri-jasotzen Urra, Izeta IV.a eta Izeta V.a ariko dira. Azken hau haurra da, Jakes Iruretagoiena. 42 kiloko harriarekin ariko da lanean. 25 kilokoa, berriz, esku bakarrarekin jasotzen saiatuko da.

Uda ikusgarria
Aizkora munduan, besteak beste, Gipuzkoako Lehen Mailako finala jokatu zen Mendaron. Lehen aldiz Ugaitz Mugertza mutrikuarrak jantzi zuen txapela. Oso lehia estua izan zen, eta bi minuturen barruan bost aizkolari sartu ziren. Joseba Otaegi zizurkildarra laugarren geratu zen.

Bigarren Mailako Gipuzkoako Txapelketan, Unai Otaño beizamarra nagusitu zen, Asteasun. Jexuxmari Mujika ibartarra hirugarren geratu zen, Jon Irazu zizurkildarra laugarren eta Jokin Alkizalete asteasuarra seigarren.

Donostian, Urrezko Kopa Aitzol Atutxak irabazi zuen. Iker Vicente lan erdietan aurretik zen, baina dimarrak oraindik nagusi dela erakutsi zuen. Joseba Otaegi bosgarren sailkatu zen.

Emakumeen Euskal Herriko Txapelketa ere jokatu zen abuztuan, historian lehen aldiz. Hitzordua Usurbilen izan zen eta txapela Berako Nerea Sorondok jantzi zuen. Egun berean, Euskal Herriko Harri-jasotzaile Txapelketa jokatu zen, eta Idoia Etxeberria nagusitu zen, Karmele Gisasolaren aurretik. Txapeldunak herri kirolak uzten dituela iragarri zuen.  

Baina harri-jasotzaileetan izen bat nabarmendu behar baldin bada uda honetan, hori Mikel Lopetegi Urra-rena da. Zarauztarrak lau txapelketa irabazi ditu abuztuan zehar: Igeldoko Harrian eta Elgoibar, Ergobia eta Bilbon. 150 kilotik beherako harriekin maisu zela jakina zen, eta orain, harri baldarrekin ederki moldatzen dela erakutsi du.

Baliarrainen, festetan, Ibiur Txapelketa jokatu da lehen aldiz. Aimar Galarraga izan zen harri baldarra 10 aldiz jaso zuena. Peña jasoaldi bakarrera geratu zen. Iban Ugartemendia hernialdearra laugarren geratu zen zazpi jasoaldirekin. Jende asko elkartu zen Baliarrainen, eta Jokin Garmendia herritarraren harriak etorkizun polita duela erakutsi zuen.


Sega munduan, Euskal Herriko Txapelketa Julen Gabirondok irabazi zuen, Etxeberriaren aurretik. Gipuzkoakoan alderantzizkoa gertatu zen. Andoni Goikoetxea gazteluarra hirugarren geratu zen Asteasun jokatutako finalean. Igor Esnaola izan zen laugarrena. Legorretarrak sega uzten duela iragarri zuen.
Nesketan, Alatzne Etxaburuak jantzi zuen Euskal Herriko txapela, Alaitz Imazekin lehia estua izan ondoren. Txapeldunak herri kirolak uzten dituela iragarri zuen.   


Aurrera begira, aipagarrienak
Lehen Mailako Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa irailaren 16an hasiko dira jokatzen. Lakuntzan jokatuko da kanporaketa, eta 12 aizkolarik hartuko dute parte. Joseba Otaegi eta Jon Irazu zizurkildarrak izango dira eskualdeko ordezkariak. Finalera sei azkarrenak pasako dira. Egin beharreko lana ondorengoa izango da: bi kana-erdiko, bi hirurogei ontzako eta bi oinbiko. Finala urriaren 28an jokatuko da Iruñeko Labrit pilotalekuan.


Irailaren 29an, 22:00etan, Azpeitiko zezen plazan pentatloia jokatuko da. Arria V.a, Arria VI.a, Txapartegi, Zaldua, Gisasola eta Mugertza III.ak eman zuten bertan egoteko izena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!