[Herri Kiroletatik] Azpeitian igandean finalak eta Iñaki Gil

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2018ko eka. 1a, 13:18

Galdakaon erabaki zen Azpeitiko hirukoa. Urrezko Banakako Aizkolari Txapelketaren finalak igandean jokatuko dira Izarraitz pilotalekuan, igande honetan, 12:00etatik aurrera. Iker Vicente, Mikel Larrañaga eta Aitzol Atutxa ariko dira lehian Azpeitian.

Galdakaon hirugarren finalista nor izango zen erabaki behar zen. Mugertzak eta Atutxak neurtu zituzten indarrak. Azken honek irabazi zuen, erraz gainera. Amaieran hiru minututik gorako aldea lortu zuen, baina hasieratik lortu zuen errenta. Gauzak ondo, Vicente izango da faboritoa Azpeitian. Orain arte bezala, finalean ariketa desberdinak egin beharko dituzte, eta zutikakoan nafar gaztea maisua da. Hor egon daiteke gakoa.

Aizkolari gehiago ere egongo dira igande honetan Azpeitiko jaialdian. 23 urtez azpikoen txapelketaren finala Joxean Etxeberriak eta Julen Larreak jokatuko dute. 19 urtez azpikoena, berriz, Xuban Kañamaresek eta Unai Zabala txaramarrak.

Aizkolarien urrezko txapelketarekin batera, harri-jasotzaileen binakako txapelketa jokatu da azken hilabeteetan. Bi bikote iritsi dira finalera, eta horiek ere Azpeitian egongo dira igandean. Xabier Peñak eta Imanol Albizu Goikoetxe-k aurrean Imanol Illarramendi Kortaberri eta Mikel Lopetegi Urra izango dituzte. Hiru harrirekin ariko dira lanean, eta irabazlea, kilo gehien pilatzen dituen bikotea izango da. 163 kiloko zilindro zaharra, 113ko kubikoa eta 100 kiloko bola izango dira ibili beharreko harriak, orain arte bezala.

Ezusteko batekin amaituko da ekainaren 3ko jaialdi handia. Lau harri-jasotzaile, hauek ere binaka, erakustaldia eskaintzen. Alde batetik, Idoia Etxeberriak eta Karmele Gizasolak osatuko dute bikotea, eta bestetik, Raquel De La Calle madrildarrak eta Julia Martinez segobiarrak.

Harri-jasotzaileekin jarraituz, Iñaki Gil joan zaigula gogoratu nahi dut. Arabako Lasarte herrian jaioa, 150 kilo inguruko gizona zen, bi metroren bueltan zebilena. Nire garaiko harri-jasotzailea zen, eta elkarrekin saio batzuk eginak gaude. 260 kiloko harria jasotzea lortu zuen. Ez zen, beraz, edonolakoa. Esku bakarrarekin 141 kiloko bola ere jaso zuen. Perurenari beti esaten zion brometan esku bakarrarekin errekorra berak zuela, bolarekin. Azken urteetan, kotxeak iraultzen eta abar ibili zen telebista munduan. 55 urterekin joan zaigu. Oso gizon ona zen, ume koxkor baten bihotza zuena. Oso leiala. Azken aldiz elkarrekin 1996an ibili ginen; Albizuri handia jaso zuen. Oso laguna nuen. Geroztik Asteasura etorri izan zen, Egur Spor-ekin ibiltzen baitzen laguntzen.

Iñaki Gil gure mutil txiki handia joan zaigu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!