Apustuei errespetua

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2018ko apirilaren 13a

Ez da lehen aldia esaten dudana, eta ez dut uste azkena izango denik, zoritxarrez: apustuei errespetua!

Jendea edozein modutara hitz egiten entzuten dudanean, horrenbeste sarrera beraz horrenbeste diru esanaz, izugarrizko mina hartzen dut. Hor atzean dagoen sufrimendu eta bueltan dabilen jende guztia ez delako kontuan hartzen.

Apustuak ez dira egun bateko kontuak. Ez eta azken hiru hilabetekoak ere. Apustua itxi aurretik, probak egiten dira, eta azken hiru hilabeteak punttuan jartzeko izaten dira. Kamioika egur, dirutza, medikuak, prestatzaileak, kotxean orduak eta orduak, erremintetan joaten den gastu guztia... Aizkora mundua gastua da, eta ez dago edozeinen eskura. Horrexegatik, dabilenak ere ez du nahi adina entrenatzen. Saio bakoitzeko bota 150 euro.

Gehiketa errazak egiten ditu jendeak sarri, egun jakin bateko ikusle kopuruari begiratuta. Hori ere aztertzekoa da. Zein apustu egun aukeratzen da? 'Arria V.a'-k Azpeitian marka jarri zuenekoa? Etxeberriak eta jokatu zutenekoa? Zein aukeratuko dugu? Plazan 300 lagun elkartzen ez direneko horien atzean dagoenaz zer esan.

Euskaldunok, herri kirolei beste inork baino errespetu gehiago zor diegu. Eta horren barruan, apustuak sakratuak dira. Herri kirolariek tarteka hanka sartzeak izan dituzte, eta berriro ere ziur izango dituztela. Azkena, errespetu handirik gabe plazara joan zireneko hura izan zen. Batek bere damua azaldu zuen, besteak, berriz, oso bestelako azalpenak eman zituen. Ez noa izenak esatera, min ematen didalako eta oso itsusia izan zelako. Baina lana ondo egin duenari errespetua zor zaiola uste dut, berak ere izugarrizko errespetua izan duelako apustu hori prestatzerako garaian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!