Apustu guztian parean joan ziren. Lan erdietan pare bat kolpe aurretik amaitu zuena Mindegia izan zen. Prestaketa bikaina erakutsi zuten bi aizkolariek. Han ginenok, bietakoren bat geratu egingo zela pentsatzen genuen, erritmo horretan ezin zutela jarraitu. Txapartegi topera zegoela ikusi zen, segi eta segi. Mindegia berriz bederatzi hamar kolpe aurretik hasi zen azken enborrean. Ordura arte parean hasi eta berak amaitzen zuenez aurretik, azken horretan berak irabaziko zuela pentsatu genuen. Baina Aizarnakoaren esprina ikustekoa izan zen. 40 minututik gora lanean aritu eta indar horrekin iristea izugarria da. Bere buruan nolako konfiantzarekin joan zen erakusten du horrek.42.50,54 eta 42.50,60 izan ziren denborak. Ehunekoen kontua.
700 ikusle elkartu ziren Doneztebeko kiroldegian. Sarrera oso ona izan zela esan beharra dago, eta ikusleak erotzen egon zirela.
Egurrei dagokienez, Mindegiak eman zituenak oso gozoak ziren. Pare bat gogorxeagoak ziren, baina ez zen beste mundukorik. Txapartegirenak gehixeago eman beharrekoak ziren, baina ez intentzio hori zuelako. Egurren arabera izaten da denbora aizkoran, eta marka bikaina egin zuten.
Herri kirol agenda
Igandeko apustuaren ondoren beste apustu handiaren txanda izango da. Apirilaren 8an Arria V.a eta Vicente neurtuko dira Tolosako zezen plazan. Donezteben Vicenteren aldeko joera nabaritzen zen, baina Ibarran bizi den errezildarrari errespetu handia diote, azken apustuetan erakutsi duena inork ez baitu ahaztu. 40 urte batek, 20 besteak. Bi aizkolari handi. Dena airean dagoela uste dut. Hori bai, dirua apustu honetan ez da erotuko.
Bestalde, Egur Sportek martxoan jarriko du banakako aizkolari txapelketa, lan desberdinetan egiten dena.
Harri-jasotzaileei dagokienez, apirilaren 15ean Aian txapelketa egongo da. 22n, zortzi egunera, Adunan Gorostidi Harria egongo da, eta maiatzaren 1ean Zarautzen.