Urrezko herri kirolarien finalak eta idiak Aian

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2018ko mar. 2a, 12:58

Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa igandean amaituko da, Azpeitiko Izarraitz Pilotalekuan. Hiru bikote ariko dira txapelaren lehian, eta horien artean, eskualdeko ordezkari bat egongo da, Joseba Otaegi.

Zizurkildarraren bikotea Ugaitz Mugertza da, eta ez dute lan erraza izango finalean, aurkarien maila izugarria baita. Aitzol Atutxa eta Txikia IV.a dira faborito, baina Iker Vicente eta Ruben Saralegi ez dituzte urruti ibiliko. Akats txikiena garesti ordainduko da Azpeitian.


Punta-puntako sei aizkolari ikusteko aukera paregabea. 12:00etan hasiko da jaialdia.  


Emakumeen finalean lehian ibili diren lau aizkolariak egongo dira. Orain arteko jardunaldietan lehia politak eskaini dituzte, eta finala ere antzera joango da. Irune Azkue izan daiteke faboritoa, orain artekoa kontuan hartuta. Maika Ariztegi, Nerea Sorondo eta Irati Astondoak ezustekoa emateko gaitasuna dute, ordea. Edozer gerta daitekeela esango dugu, beraz. Pozgarria dena emakumeei aizkoran horrelako aukera bat ematea izan da. Eskertzekoa, eta jarraitu beharreko bidea zabaldu da.  


Harri-jasotzaileen finala ere jokatuko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi Kortaberri eta Xabier Aranburu Guzta ariko dira nor baino nor. 175 kiloko errektangularrarekin eta 150 kiloko kubikoarekin bina minutuko lana izango dute. Berdinketa gertatuz gero, aurreko kanporaketetako lanak eta emaitzak hartuko dira kontuan.


Aizkolariekin bukatzeko, hurrengo astean lasaiago jorratuko dugun arren, martxoaren 11n Donezteben Txapartegik eta Mindegiak apustua jokatuko dute. Dirua Mindegiaren alde atera bazen hasieran, orain parean dagoela dirudi.


Idi probak
Gaur, bihar eta astelehenean Aiako XVIII. Kintopeko Idi Probak jokatuko dira, Aiako Idi Probak elkarteak udalaren babesarekin antolatuta. 22:00etan hasiko dira martxoaren 2ko eta 3ko saioak, eta 21:00etan martxoaren 5ekoa. Lehen egunean ondorengoak izango dira: Iñaki Oliden (Orio); Udane (Orozko) eta Bixkiak (Errezil). Bigarren egunean Etxetxo (Arroa); Iñaki Lopetegi (Billela) eta Iñigo Aurrekoetxearen (Loiu) txanda izango da. Astelehenean, azkenik, eta agian hemen egongo da irabazlea, lau idi pare ariko dira lehian: Mendiola (Errezil); Bikandi (Berriatua); Txauson (Laudio) eta Kamiñoko Jatetxea (Murueta).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!