Aizkolariei dagokienez, Urrezko Kopa jokatzen ari dira, eta finala Urte Zahar egunean Asteasun izango dela kontuan hartuta, txapelketa nahiko aurreratua doala esan daiteke. Asteburuan Zamudion aritu ziren Jon Rekondo eta Eneko Otaño. Leitzarra izan zen 12 kana-erdikoak ebakitzen azkarrena. 28.28 izan zen Rekondoren denbora, beizamarrak 29.46 markatu zuen. Hurrengo kanporaketak Mikel Larrañaga azpeitiarra izango du aurkari leitzarrak.
Hurrengo igandean beste leitzar bat ariko da kopan. Ruben Saralegiren aurkaria Julen Alberdi Txikia IV.a izango da. Honek etxean jokatuko du, kanporaketa Azkoitian izango baita, igande eguerdian. Oso lehia polita izango da. Saralegi duela gutxi Euskal Herriko lehen mailara igo da. Alberdik iaz lortu zuen maila horretan postua, hain justu, Saralegi jaitsi zenean. Igandekoa, beraz, lehia oso polita izango delakoan nago.
Aizkolariekin batera, Urrezko Kopa horretan harri-jasotzaileak dabiltza. Zamudion, Jon Gisasola Zelairen semeak eta Josetxo Urrutiak neurtu zituzten indarrak. 18 urteko gaztea nagusitu zen, 54 jasoaldirekin. Betelun bizi den leitzarrak, Urrutiak 47 jasoaldi lortu zituen. Zelairen semea oso itsura oneko harri-jasotzailea da, nahiz eta aitak arazo bat bilatzen dion: pilotan ibiltzen dela, eta ikaragarri gustatzen zaiola. Biak ezin direla uztartu esaten du aitak, baina garrantzitsuena kirola egitea dela. Jakitun da, beraz, horrelako arazoak txarrak ez direla izaten.
Hirugarren mailakoa falta da
Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkolari Txapelketa jokatu ondoren, bigarren mailakoa jokatu zen Azkoitian. Orain, hirugarren mailakoa jokatuko da Aldatz herrian, Lekunberri ondoan. Igandean izango da finala, 13:00etan. Jokin Alkizalete asteasuarra bertan izango da, beste bost aizkolarirekin batera: Asier Pellejero (Areso), Iban Resano (Dorrao), Jon Telletxea (Labaien), Luis Txapartegi (Aizarna) eta Eloi Kortxero (Araia). Esan beharra dago aurten bigarren mailara sei horietatik lau aizkolari igoko direla. Alkizaletek, beraz, bere aukerak izango ditu.