Izeta II.a eta asteburuko ekitaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Anjel Sarasola 2017ko aza. 3a, 11:17

Izeta II.a urduri zegoen bezperan. Azken saioa zuen iragan larunbatekoa; omenaldi egunekoa. Zarauzko kiroldegia jendez bete zen, eta 50 urterekin, harri-jasotzaile aiarrak lan handi bat eginaz esan nahi izan zion agur bere ibilbide oparoari.

100 kiloko kubikoari 50 jasoaldi eman nahi zizkion, eta 100 kiloko zilindro kopari beste horrenbeste, esku bakarraz. 20 minututik jaitsiz gero gustura izango zela esan zuen aurrez Joxe Ramon Iruretagoienak. Hortik gora lan ona ez jotzeko modukoa izango zela zioen. 18 minututik behera: lan bikaina. Inork aurrez egin gabeko lana izaki, emaitza bat edo bestea izan, marka bezala geratuko zen ahalegina zen.
Omenaldi egunean herri kirol mundua Zarautzen elkartu zen. Lanean 28 harri-jasotzaile ikusi ziren, eta garai batekoek ere omenaldiarekin bat egin nahi izan zuten. Izeta II.aren aurkari izandako Zelai eta Goenatxo han ziren, baita Perurenatarrak ere. Endañetak ere ez zuen hutsik egin nahi izan. Izeta II.a historiara pasa da, historia eginez. Larunbatean lan handia egin zuen, eta 100 jasoaldiak, jarraian, 18 minutu eta segundo batean egin zituen. Beti bezain handi!


Asteburuan zer?
Aurreko asteburuan, igandean, Bigarren Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketa jokatu zen Azkoitian. Tolosaldeko Ataria-k bertan gertatua zabal kontatu zuenez, asteburu honetara egingo dugu jauzi.
Gaur, ostirala, Leitzan Patxi Astibia aizkolari ohiari omenaldia egingo diote, bere bizitzaren inguruko liburuaren aurkezpenean. Hitzordua Amazabalen izango da, 19:00etan.


Bestalde, Aian, XVII. Kintopeko Idi Probak jokatzen ari dira. Gaur, bihar eta astelehenean, 22:00etan, jokatuko dira azken demak.


Sokatirari dagokienez, Euskal Herriko Goma Gaineko 4X4ko Txapelketa jokatzen hasiko dira larunbatean, 320 kilotan, Gatikan. Ibarra A eta B bertan izango dira.


Egun berean, Zamudion, Urrezko Aizkolarien Kopa jarriko dute martxan. Jon Rekondo eta Eneko Otaño ariko dira lehian. Leitzarrak eta beizamarrak 12 enbor ebaki beharko dituzte jarraian. Guztiak etzanda. 12 horietatik lau 45 ontzakoak izango dira eta zortzi 54koak. Gabonetako Harri-jasotze Kopa ere jokatuko da Zamudion, aizkolariekin batera. Kasu honetan, Josetxo Urrutia leitzarra eta Jon Gisasola mallabitarra ariko dira lanean. 100 kiloko zilindro zaharra, kubikoa eta bola jaso beharko dituzte. Aizkolarien eta harri-jasotzaileen Zamudioko jaialdia 17:00etan hasiko da, kultur etxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!